Aizkora Desafioa
Zubizarreta eta Resano, elkar probatzeko prest
Gipuzkoarra eta nafarra igandean neurtuko dira Azpeitiko zezen-plazan, 12.30etik aurrera. Kirolari bakoitzak 60 ontzako hamar enbor erdibitu beharko ditu, eta alde bakoitzak 3.000 euro jokatzen ditu.
Jon LEUNDA
Urteko bigarren aizkora apustua jokatuko da igandean, eta oraingoa Azpeitian izango da, 12.30ean hasita. Bertan Joxe Felix Zubizarreta eta Iban Resano neurtuko dira Azpeitiko zezen-plazan. Aizkolari bakoitzak hamar enbor 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Alde bakoitzak, gainera, 3.000 euro jokatzen ditu dirutan.
Desafio honetarako deia Zubizarretak egin zuen, eta azkenean Resano izan zen agertu zitzaiona, eta berarekin egin du apustua. Azpeitiarrak bere bigarren desafioa izango du, eta nafarrak, berriz, estreinakoa.
Biak ere nahikoa ezezagunak dira, batez ere Resano. Zubizarreta azkeneko urte hauetan Hirugarren Mailan nahiko puntuan dabil, ez horrenbeste Resano.
«Lehen, apustu bat jokatuta nago, eta orduan garaile suertatu nintzen. Nahiko egun polita izan zen, eta berriro probatzeko gogoa nuen», esan du Zubizarretak. Aurreko apustuan Alex Txikon izan zuen aurrez aurre, eta orduan garaipena eskuratu zuen.
Azpeitiarrak garbi utzi du berak lan luzeak gustuko dituela: «Txapelketetan lanak nahiko laburrak izaten dira; eta ni berriz ez naiz abiadura handia duen aizkolari horietakoa, diesela naizela esango nuke. Horregatik nahi nuen honelako lan bat; eta azkenean egiteko aukera etorri zaidanez, aurrera».
Enborrak erdibana plazaratuko dituzte, eta bereak nahiko onak direla esan du Joxe Felixek. «Nireak onak direla ematen du. Ez dakit besteak nolakoak eramango dituen, baina ez dut uste txarrak izango direnik», gaineratu du.
Faborito izateak nolabaiteko presioa ere sortzen duela onartu du Zubizarretak. «Beti ematen du nolabaiteko presioa. Bera lasaiago joango dela uste dut. Dena dela apustua egin genuenean oso animatuta ikusi nuen, eta ez dut uste jolasera etorriko denik», nabarmendu du.
Gainera, apustuek txapelketek ez duten presioa dutela ere onartu du: «Askoz ere presio handiagoa nabaria da. Inguruan jende gehiago dabil, herrian ere jardunean ari da jendea; dena nabaritzen da».
Azpeitia aldean nahiko giro badagoela azaldu du: «Jendeari entzuten zaio, badauka apustua ikusteko gogoa. Desafioak beti dira gustukoak. Inork gutxik ezagutzen du Resano, eta horrek berak sortzen du ikusteko gogoa. Uste dut zale dezente joango direla igandean gu ikustera», esan du Joxe Felix Zubizarretak, Azpeitiko aizkolariak.
Lehen aldia
Iban Resanorentzat lehen aldia izango da, orain arte ez baitu inoiz apusturik jokatu. Hirugarren Mailako txapelketetan aritu izan da, eta honakoan bere lehen desafioa jokatzeko hautua egin du.
Gipuzkoa aldean inork gutxik ezagutzen du haren ibilbidea, eta Zubizarretaren deiari berak erantzuteak ezustean harrapatu zuten zale bat baino gehiago. Berak ere ilusioa du, ongi prestatuta dago, baita ikuskizun polita eman eta desafioa irabazteko gogoarekin ere.
Lana handia da, ez da ohikoa azkeneko apustuetan horrelako enborrak jartzea, 60 ontzakoak baitira. Ez bata eta ez bestea ez dira inoiz plazan tamaina horretako egurrekin horrelako lan bat egiten aritu, eta ikusgai dago zer gertatuko den. Oraingoz dirua nabarmen dago Zubizarretaren alde, eta igandean desafioa hastean ere badirudi horrela izango dela. Gero, saioak berak markatuko du nondik norakoa, azken batean zaleek lehia estua eta polita ikustea espero baitute.
Bi aizkolarientzat lan handia izango da. Bi kirolariek lehen aldia dute plazan hamar 60 ontzako mozten arituko direna, eta horrek berak ere interes handia piztu du zaleen artean.
Bai Zubizarreta, bai Resano ere berriak dira apustuetan. Lehenengoak orain arte bat jokatu du, eta irabazi egin zuen. Bigarrenak, berriz, estreinako desafioa jokatuko du.