ARETO FUTBOLA
Triman Navarrak, dituen aukera apurrei eutsi egin nahi die Bartzelonan
J.L.
Zaila, oso zaila; horrela dauka Trimanek Bartzelona taldearen aurkako kanporaketa. Ligako final-laurdenak ari dira jokatzen, eta gaur 21.00etatik aurrera jokatuko da Bartzelonan.
Hiru partidara jokatzen den kanporaketa honetan, lehenengoa galdu egin zuen talde nafarrak, pasa den ostiralean (1-3); eta gauzak dauden bezala, eta aurrean zer talde duen kontuan hartuta, gauza ia ezinezkoa dirudi.
Izan ere, finalerdietan izateko, berdeek gaur irabazi egin beharko lukete; bestela, akabo, amaitu egingo da Irurtzungoen aurtengo denboraldia. Irabazita, berriz, etzi jokatu beharko dute hirugarren partida, eta han erabakiko litzateke dena.
Aurrean duen taldea, ordea, ez da edonolakoa, aurten jadanik bi lehiaketa irabazi baititu, eta orain Liga bereganatu nahi dute. Dirua gastatu dute, eta futbolean gertatu den bezalaxe, areto futbolean ere beste guztien gainetik dagoen taldea osatu dute.
Pasa den ostiralean jokalari dezente falta zituzten kataluniarrek, eta, hala ere, partida nahi bezala eraman zuten. Une honetan besteen gainetik daudela erakutsi dute.
Nafarrek galtzeko ez dute ezer; irabazteko, berriz, asko, eta horrela joango dira Bartzelonara. Imanol Arregi entrenatzaileak, gainera, jokalari guztiak jokatzeko prest izango ditu, eta hori ere garrantzitsua da.
Helburua, berriz, garbia izango da. Ahal den neurrian etxekoen presioari aurre egitea, zuloak ongi itxi eta kontraerasoez baliatu min emateko. Hori garbi daukate, baina gero egiteko gauza izan behar da, ez baita erraza Bartzelonari aurre egitea.
Iaz berdeek Ligako finala jokatu zuten, baina aurten helburu hori betetzea oso zaila izango dela dirudi. Hala ere, Liga hasi aitzineko asmoa zortzi onenen artean sartu, eta Ligako kanporaketak jokatzea zen, taldean aldaketak izan baitziren, eta helburu hori berriro ere bapo bete dute nafarrek.