HAUTESKUNDEAK EUSKAL HERRIAN
Aldaketarako ilusioa piztu du zarauzko bilduk
Azken unera arte legeztatzea iritsiko ote zen epaitegietara begira egon badira ere, ilusioa piztu du herritarren artean Zarauzko Bilduk. 1987az geroztik Eusko Alkartasunak izan du Alkatetza; egun Hamaikabateko ordezkariek. Orain, baina, koalizioarekin gehiengoa lortu eta Udala herritarrengana eramateko helburua du Bilduk.
Janire ARRONDO
Zalantzak dituzte sanpelaiotan udaletxeko balkoian ikurrina igotzeko moduan izango diren, baina pozik daude herriko kaleetan sumatzen duten ilusioarekin. Azken hamarkadetan Zarauzko Udalean izan den EAJren, eta batez ere, EAren hegemonia amaitzeko aukera betean daude igande honetako hauteskundeetan. Kudeaketa gardena egitea eta Udala herritarrengana eramatea, horiexek dira Bilduren helburu nagusiak Juan Luis Illarramendi alkategaiak GARAri azaldu dionez.
Duela lau urte Zarauzko EAE-ANVren hautagaitza legez kanpo utzi zuten, beste hainbat herritan gertatu zen bezala; eta hala, bigarren legegintzaldia egin zuen ezker abertzaleak Udaletik kanpo. Hauteskundeetan Eusko Alkartasuna izan zen bozkatuena, %19,76rekin eta EAJ bigarren, %19rekin. EAk Udalean dituen ordezkariak, baina, oraingo Hamaikabaten partaide dira. Bestalde, 2007an Ezker Batua eta Aralar koalizioan aurkeztu ziren, lehenbizikoa eta Alternatiba bereiztu gabe zeudela. Neurtu gabe dago, horrenbestez, Zarautzen zenbateko jarraipena duten gaur egun Eusko Alkartasunak eta Alternatibak.
Edonola ere, Juan Luis Illarramendik nabarmendu duenez, «Bildu hiru korronte ezberdinen arteko koalizioa da, hiru izaera ezberdinena, eta aldaketa izugarria sor lezake». Hauteskunde kanpainaren hasieran herrian «olatu nahiko polita» sortzen hasi zela ikusi zuen Illarramendik, «baina azken astean gero eta olatu handiagoak hartzen joan gara», gaineratu du. Hala, kalean sumatzen duten ilusio horrek hauteskundeetan isla izaten badu, Bildu Alkatetzara iritsi orduko, Illarramendik argi du «gauzak nola dauden» aztertu beharko dutela eta ondoren euren proiektuak ¯gastuak murriztu, kudeaketarako mahaiak osatu, kiroletako proiektua, alokairuko etxebizitza sozialak...¯ martxan jartzen hasiko direla.
14 milioi euroko zor publikoa
Bilduk hauteskunde kanpaina honetan salatu duenez, lau urtean udal-gobernua osatu duten Hamaikabat, EAJ, PSE, PP eta EB-Aralar alderdietako ordezkariak «oztoporik gabe aritu dira nor bere alorrean, diru publikoa kezka handirik gabe erabiliz; batzuk beste batzuk baino gehiago eta lasaiago, gainera». Guztien artean Zarauzko Udala egoera «oso larrian» utzi dutela diote. Hala ere, egoera ekonomikoaren berri izatea zaila da, udal-gobernuak ez baitu argitara eman Herri Kontuen Epaitegian aurkeztutako txostena.
Jon Urien alkateak Urola Kostako Udal Elkarteari iragan maiatzaren 9an sinatutako gutunean azaldu zion Zarauzko Udalak mankomunitateari 2011n ordaindu beharreko dirua ezin ziola ordaindu, eta 100.000 euro gutxiago ordainduko zituela. Udaleko Bozeramaile Batzordeak hartu zuen erabakia, «Udalaren egoera ekonomikoa ez dela batere samurra» argudiatuta.
Zor horrek, beraz, aurrezteko beharra ekarri dio Udalari. «Murrizketa horrek, azkenaldian, hainbat zarauztarren lanpostuak galtzea eragin du, herritarren artean kezka ez ezik, haserrea ere sortuz», diote Bildukoek. Murriztu behar horretan kokatzen dute, esaterako, hondartza zaintzeko ardura Kataluniako enpresa bati eman izana, eta ez Gurutze Gorriari. Lehiaketa bidez erabaki ohi da nori esleitu hondartza zaintzeko lana. «Hainbat puntu hartzen dira kontuan esleipena egiterakoan. Horietako bat esperientzia da. Azken hiru hamarkadetan Gurutze Gorria arduratu da horretaz eta esperientzia handia dugu. Dirudienez, ordea, horrek baino garrantzi handiago dute diru kontuek», salatu dute Gurutze Gorriko boluntarioek. Hain zuzen, Udalak 20.000 euro aurreztuko ditu enpresa kataluniarrarekin. Bestalde, politikarien soldatetan murrizketarik ez dela izan salatu du Bilduk; denera, legealdi osoan 3.989.513 euro bideratu dira horretara. Jon Urien alkateak, esaterako, 4.425 euro irabazten ditu hilean eta Ogasun eta Barne Araubideko zinegotzi Jon Burgañak, 3.540 euro.
Azkenik, Bilduk ohartarazi du EAJ kanpainan Urtetako zabortegia itxiko duela iragartzen badabil ere, alderdi berak gidatzen duen Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak (GHK) urtarrilean La Caixa eta Banestorekin sinatutako finantziazio akordioan Zarauzko zabortegia handitzea aurreikusita dagoela.