HAUTESKUNDEAK EUSKAL HERRIAN
Benetako Demokrazia Orain ekimenaren bultzada baliatu nahi dute alderdi guztiek
Oraingoz Euskal Herrian egin dituen mobilizazioak handiak ez diren arren, Madrilen abiatutako Benetako Demokrazia Orain mugimendua denon ahotan izan da, han eta hemen. Eta alderdi gehienek aditzera eman nahi izan dute ekimenak beren tesiei arrazoia ematen diela.
Erantzun guztien artean aipagarrienetakoa da Patxi Lopez lehendakariarena. «Haserretuen» mezuak arrapaladan heldu omen zaizkio Twitter-ren bidez azken orduetan, eta «harrituta» dago horregatik. Hasteko, «politikari guztiak ez direla berdinak» erantzun die Lopezek. Eta protesta horiek jaso aurretik ere egoerarekin kezkatuta zegoela erantsi du.
«Ez dakit zuen protestak igandetik aurrera jarraipena izango duen ala momentuko gauza izango den. Edozein kasutan, arreta dei gisa hartzen dut, iritzi eta aldarte zehatz bat islatzen duelako eta era berean islatzen dituelako munduko agintaritzaren gabezia begi bistakoak», erantzun die Lopezek.
Ondorioz, gauzak aldatzearen alde agertu da PSEko burua, «baina sarerik gabeko jauzirik eman gabe, hutsetik eraikitzeko tentazioan erori gabe». Gainera, «botere bakarra bozen bidezkoa da», aipatu du Patxi Lopezek.
PP
Maroto: «PSOEren eta EAJren aurkako protestak dira»
PPk Gasteizen duen hautagai nagusiak, Javier Marotok, protestak PSOEren eta EAJren politikek eragin dituztela esan du. Izan ere, horiek dira «haserrea» piztu dutenak, erantsi du.
Horiek horrela, ordezkari politiko guztiek ekimen horiekiko «begirunea» azaldu behar dutela beti nabarmendu du Marotok. «Ulertzen saiatzeko, entzun egin behar ditugu», aipatu zuen, eta bera ere prest agertu zen «haserretuen» iritzia kontuan hartzeko. «Hau guztia ez zatekeen gertatuko langabezia tasak diren bestekoak izan ez balira, eta oraingo Gobernuaren neurri ekonomikoek gizartean haserrea zabaldu izan ez balute».
EAJ
Urtaran: «Ikusle ez, protagonista izan behar dute»
EAJk ere ez zion muzin egin mugimendu berri honen gainean hitz egiteko aukerari. EAJren Gasteizko alkategai Gorka Urtaranek bere alderdiak «herritarren parte-hartzea bultzatzeko» duen «borondateaz» hitz egin zuen Arabako hiriburuan egindako ekitaldian, eta herritarrek «ikusle» izatetik «protagonista» bihurtu behar dutela aldarrikatu zuen. Ingurumari honetan, herritarren protesta hartzen ari den garrantzia aipatu zuen.
Benetako Demokrazia Orain mugimendua zuzen-zuzenean ez zuen aipatu, baina herritarren nahia entzutea beharrezkoa dela esan zuen. «Kalean euren kezkak agertzen dituztenak entzun behar ditugu eta benetako beharrei erantzuna eman», esan zuen Urtaranek. Hiriko proiektu estrategikoetarako herri galdeketak bultzatuko dituztela agindu zuen hautagaiak.
EB
Navas: «Haserrea bideratu egin behar dute, parte hartuz»
Jose Navas Gasteizerako EBko alkategaiak ere Benetako Demokrazia Orain ekimenari erreparatu zion. Haren hitzetan, ez da nahikoa «haserretzea», sentimendu hori bideratu egin behar da: «Haserre horrek parte-hartze aktiboa eragin behar du; bestela, ez du merezi». Lazo horia zeraman jakan Jose Navasek, kanpaldietan parte hartzen ari diren gazteei babesa emanez.
Hortik aurrera, Ezker Batua hautu egokia dela esan zien Navasek «haserretu» horiei, hitz hauekin: «Igandean, dirua eta merkatua babesten dituztenak alde batean egongo dira; eta bestean gu, herriaren gobernuaren alde egiten dugunok».
Igandeko bozetan bi aukera daudela erantsi zuen hautagaiak: «Beraiek lau urte gehiago boterean jarraitzen utz dezakezue, botere hori beren kasa erabiltzen segi dezaten; baina hitza eman nahi dizuetenoi bidea irekitzeko aukera ere baduzue».
Aralar
Ezenarro: «Kaletik hautestontzietara eraman behar da»
Aralarren partetik, Aintzane Ezenarro Gasteizko legebiltzarkideak heldu zion kontu honi, Donostian egindako ekitaldi batean. Beraren ustez, «kalean dagoen haserre hori hautestontzietara eraman behar da, aldaketa politikora bideratu behar da», eta hori lortu ezean, «betikoek betiko politikak egiten jarraituko dute». «Guk boza eskatzen dugu, hizki handietako demokrazian sinisten dugulako», erantsi zuen Ezenarrok. Adibide gisa, herri galdeketen alde daudela esan zien gazteei.
«Kalitatezko enplegu publikoa sortzeko ere alternatiba da Aralar, baita luzaroko langabeei erantzuna emateko ere», adierazi zuen Ezenarrok.