GARA > Idatzia > Euskal Herria

Santiago Ospitalea ez ixteko eskatuz, 45.000 sinadura eman dizkiote Lakuari

Gasteizko Santiago Ospitalearen itxieraren aurka eta Arabako osasun publikoaren alde dauden 45.000 herritarren sinadurak utzi zituen atzo Lakuako Gobernuaren egoitzan erietxe horren aldeko plataformak.

p019_f02.jpg

GARA | GASTEIZ

Gasteizko Santiago Ospitalea eta osasun publikoa defendatzen duen plataformak erietxe horren itxieraren aurkako 45.000 sinadura aurkeztu zituen atzo, Lakuako Gobernuaren Osasun Sailaren egoitzan.

Sinadurak Lakuaren eskuetan utzi badituzte ere, ekimenak aurrera egingo duela jakinarazi dute. «Alderdiek gai honi arreta jartzea nahi dugu, herritarren zati handi baten borondatea da-eta», nabarmendu dute plataformako ordezkariek.

Hainbat alderdirekin bildu da plataforma, hauteskundeak baino lehen argi utz dezaten zein jarrera duten Arabako osasun sistema publikoaren antolaketari eta Santiago Ospitalearen itxierari buruz.

Maiatzaren 7an manifestazioa egin zuten Gasteizen, Santiago Ospitalearen itxieraren aurka. Osasun publikoaren aldeko plataformak oso positibotzat jo zuen mobilizazioa, herritarren eta hiriko hainbat eragileren parte-hartzea nabarmenduta. Mila lagun inguru bildu ziren.

«Foru eta udal hauteskundeen atarian gaudela, ezinbestekotzat jotzen dugu politikariak ohar daitezela herritarren benetako parte-hartzerik gabe ezin dela herri bat eraiki», adierazi zuten manifestazioaren ostean. Arabako osasun arloaren berrantolaketak, besteak beste, Santiago Ospitalearen itxiera dakar eta Lezakoa ere arrisku horretan jartzen du; horren aurka bildutako 45.000 sinadurak kontuan hartu beharrekoak direla uste du plataformak.

Mobilizazio haren ostean egin zuten irakurketan, PSOE, PP eta UPyD alderdiak Arabako osasun arloa goitik behera aldatzearen aldekoak direla nabarmendu zuten. «Ez daude ez langileekin, ez herriarekin», esan zuten.

«Ezin dugu ulertu Santiago Ospitaleak larrialdietarako zentro bezala egiten duen lana bukatutzat eman nahi izatea, lanpostu ugari arriskuan jarriz. Bitartean, Euskal Osasun Publikoaren aldeko marketin kanpainak egiten dituzte euren kudeaketa ona eta ospitale erraldoiak goraipatuz», salatu du plataformak, eta gogora ekarri du alderdi horiek hauteskundeak baino lehen lanpostu berriak betetzeko deialdia egingo zutela iragarri arren, ez dutela agindutakoa bete. Horiek guztiak kontuan hartuta, hiru alderdi horien alde ez bozkatzeko eskatu dute.

Bide batez, Satse, SME, SAE, Utese eta FFHH arloko sindikatuen jarrera ere kritikatu zuten, ez direlako mobilizatu osasun publikoaren defentsan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo