Laborari berrien instalazioa soilik Paueko Laborantza Ganberaren gain geratzea salatu dute
GARA | PAU
ELB eta Biarnoko Confederation Paysanne sindikatuen eta, BLE, Arrapitz, Lur Hats, ABDEA, AFOG, APFPB eta Euskal Herriko Laborantza Ganbera elkarteen deialdiari jarraiki, ia ehun bat laborarik elkarretaratzea egin zuten herenegun Paueko prefektura aitzinean, laborari berrien instalazioaren kudeaketan partaide izatea exijitzeko.
Berrikitan birmoldatutako legearen ondorioz, aurrerantzean Departamenduko Instalazio Batzordea (DIB) -Paueko Laborantza Ganberaren barrukoa- arduratuko da instalazio berriak ofizialki baimentzeaz.
Laborari berriak instalatzeko eta laguntza publikoak eskuratu ahal izateko, ezinbestekoa dute batzorde horren oniritzia jasotzea.
Alta, azken urteotan nekazaritzan izaten ari diren aldaketak direla medio, batez ere ekoizpen ereduari lotutakoak, egitura horretan beste eragile batzuen presentzia izatea ezinbestekoa da, sindikatu eta elkarteen iritziz.
Beraien esanetan, partaidetza askotarikoa izatea are eta premiatsuago da aintzat hartuta laborantza iraunkorreko edota ekologikoko proiektuak zailtasunak izaten dituztela Paueko Laborantza Ganberaren zirkuituan lekua aurkitzeko. Gainera, elkarteok diotenaren arabera, Ipar Euskal Herrian instalatzen diren baserritar berrien kopurua Estatu frantseseko portzentaje handiena dela ere kontuan hartu behar da.
Proposamena
Horiek horrela, laborantzako eragile horiek DIBren bilkura baliatu zuten beren proposamena bertan azaltzeko, hots, guztien artean sortutako elkartea (Instalaziorako Informazio Gunea) ere baserritar berriei aholkatu eta laguntzeko homologatua izan dadila. Eskaera, ordea, ez zen onartua izan.