GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Juan M. Sansinenea Industria ingeniaritzan doktorea

Pasaiako Kanpo Portuarekin biraka

Pasaiako Portuaren gaiari heltzen badiogu, egia da egitasmo horrek lotura handia duela Gipuzkoako altzairu ekoizpen aktibitatearekin. Garraio kostuek, ingurugiro arauek ekoizpen kostuek etab. altzairua azaleratzen ari diren herrietan ekoiztera eramaten dute

Egun hauetan, eta azken hauteskundeek emandako emaitzak direla-eta, asko hitz egiten da Gipuzkoako Egitasmo Estrategikoez eta batez ere Pasaiako Kanpoko Portuaz. Hauteskunde hauek galdu edo behintzat espero zuten baino emaitza kaxkarragoak lortu dituzten alderdiak lotsagabeki hasi dira hitzegiten «Erakundeetatik Bildu baztertzeko beharraz, egitasmo estrategiko horien aurrean oztopoa delako». Orain dela egun batzuk, eta «Berria»-k antolatutako mahai inguru batean, Gipuzkoako Aldundiko ordezkari Xabier Barandiarani harriturik entzun genion hitz egiten «Bilduren hormigoiaren kontrako jarreraz». Eta harriturik esaten dut, zilegitasun berdinarekin bere alderdiari (EAJri), «hormigoiaren aldeko jarrera bat» leporatu geniezaiokeelako. Baina auzia ez da hori, baizik eta bi aldeetako ikuspuntuen alde ekonomiko, soziala eta ingurugirokoa, noski, aztertzea.

Egia da alor horretan gauza anitz nahasten dela, ez da gauza bera Pasaiako Portua, AHT edo errauste planta. Baina orain Pasaiako Portuaren gaiari heltzen badiogu, egia da, halaber, egitasmo horrek lotura handia duela Gipuzkoako altzairu ekoizpen aktibitatearekin, eta horretaz hitz egitea ArcelorMittal (AM) enpresak, batez ere, eta beste enpresa batzuek herrialde honetan eta inguruan dituzten altzairu ekoizpen plantez hitzegitea da. Badakit hori ez dela kontuan hartu behar den elementu bakarra (hor daude esportatzen diren kotxeak eta hainbeste produktu desberdin) horrelako inbertsioa ekiteko, baina ados egon gaitezke altzairu ekoizpena (bukatutako produktuen esportazioa, txatarra inportazioa, etab.) elementu erabakigarria dela (Pasaiako Portuko webgunetik ateratako datuen arabera, 2009ko urterako, produktu siderurgiko eta metalurgikoen batura, toneladatan, Portuko guztizkotik, %67 zen).

Egia da kostalde ondoan dauden (zehaztasunez hizt eginda, portuen ondoan dauden) altzairua ekoizteko plantek abantaila bat dutela, produktuak esportatzeko unean edo prozesuan beharrezkoa den txatarra inportatzeko. Itsasontziz egindako garraioak abantaila ekonomiko nabarmena dauka eta zentzu horretan Olaberria, Bergara eta Zumarragako plantak ondo kokatuta daude (Villaverdekoarekin -Madrid ondoko aitzineko Aristrain- alderatzen badugu), baina hori ez da inondik inora, planta berrietan -etorkizuna, azken finean- inbertitzeko unean, dela AMk, dela edozein altzairu ekoizle-taldek erabiltzen duen elementu erabakigarria. Hori erabakitzeko askoz garrantzitsuagoa da eskaria eta hori uneotan azaleratzen ari diren herriez (AH) (emerging countries) pentsatzea da: Txina (nahiz eta herri hau zaila izan kanpotik sartzeko, altzairua estrategikotzat jota dagoelako), India, Brasil, Errusia, etab. Garraio kostuek, ingurugiro arauek (leunagoak AHetan), ekoizpen kostuek (baxuagoak AHetan), etab. altzairua AHetan bertan ekoiztera eramaten dute.

Datu sinple batzuk ematearren, 2007ko eta 2000ko altzairu gordinaren ekoizpen datuak alderatzen baditugu, ikusiko dugu Txina %285,12 igo dela (%392,5ko igoera 2010. urtea kontutan hartzen badugu), India, %97,17 (%148,3 % 2010. urtea aintzat hartuta), Brasil, %21,25, Errusia, %67,02. Konparazio moduan eta denbora tarte berean, herri industrialen esparruan kokatzen direnak, EB-27 %10,16 igo da, Japonia %12,92, AEB %-3,77 (jaitsiera). Alderatzeko 2007ko datuak lehenetsi ditut, nahiz eta 2010koak eskuragarriak izan, krisi ekonomikoak -oso gogorra altzairu ekoizpenari dagokionez- panorama zerbait nahastu duelako (egia esan, AHen alderago eramateko). Hau dena, esateko etorkizuneko altzairu ekoizleen Champions league-an jokatuko duten herriak AHetakoak izango direla eta ez dagoeneko industrializatuak (berez, badira dagoeneko). Hor kokatuko dira, gehienbat, eskari berria eta, ondorioz, inbertsio berriak, eta hori guztiz logikoa da, atzairu kontsumoa garapen ekonomikoaren lehenengo faseekin oso lotuta dagoelako. Testuinguru honetan, logika osoa dauka galdetzeak zer zentzu daukan hipotekatuko gaituen (1.000 milioi euro?) eta gure ingurugiroa larriki eragingo duen inbertsio bat planteatzeak. Eta planteatzea esaten dudanean ez naiz esaten ari baztertu behar dela hasieratik. Badakit, eta errepikatu egiten dut, idazki honetan ez direla kontutan hartzen auzi honetan aztertu behar diren elementu guztiak, baina bai garrantzitsu batzuk, nire ustez. Eta bukatzeko, hau ez da «hormigoiaren aurkako jarrera bat» izatea, arrazionaltasunari jarraitzen diona izatea baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo