Tras el 22-M
«Bildurekin aberatsagoa izango da Donostia hemendik lau urtera»
Juan Karlos Izagirre
Donostiako alkategaia
Bilduk Donostian piztu duen olatu erraldoiak Alkatetzaraino eraman du Juan Karlos Izagirre, 47 urteko mediku igeldoarra. Hiriburuan izan den aldaketaren aldekoa «betidanik» izan dela dio, baina, sekula ez zukeen pentsatuko bera protagonista izango zenik. Ikusteko dago ekainaren 11n Donostiako alkate izendatua izango ote den; edonola ere, bera ilusioz eta gogoz gainezka dago lanean hasteko.
Janire ARRONDO | DONOSTIA
EAJk eta PSEk Juan Karlos Izagirrek «hiria geldituko» duela badiote ere, alkategaia «hiria mugimenduan jartzeko» asmoz dabil. Erreferendumekin eta gisako erremintekin herritarren parte-hartzea ahalbidetuko du Bilduk, eta Udalaren deszentralizazioari esker fisikoki ere auzoetan egongo dira.
Zerk eragin du Bilduk Donostian izan duen gorakada?
Gure analisietan faktore mordoxka daude. Ilusioa askotan aipatu izan dugu kanpainan, eta ondoren ikusi dugu piztu dela; lehen bozkatzen ez zuen jende askoren botoak etorri dira Bildura. Herritarrek eskertu egin dute politika egiteko modua aldatzeko asmoa, eta desberdinen artean programa bat osatzeko gaitasuna izatea.
Egunotan ezbaian dago Udala nola osatuko den.
Bueno, Alkatetza Bilduk izango du; hori ziur.
PSErekin eta EAJrekin elkartu zarete. Adostasunik izan al da?
PSE tematua dago banatzen gaituen horretan, eta ez dira konturatzen gai askotan bat egiten dugula; legegintzaldian akordioak lortzeko aukerak daude. EAJrekin antzeko zerbait gertatzen zaigu. Akordioak lortzeko nahikoa oinarri badagoela ikusten dugu guk, eta EAJk baloratzen du normalizaziorako emaitza onek izan duen alde positiboa eta guk gobernatzeak prozesua indartuko lukeela.
Eta adostuta al dago Bilduk behar duen babesa?
Ez dakigu oraindik EAJ zertan dabilen.
Ernesto Gascok (PSE) zioen logikoena PSE-EAJ akordio bat litzatekeela, zer iruditzen?
Guk eskatu geniona zen diskurtso alarmistarik ez egiteko, eta hamar segundoko tregua eman zigun. Bilduk Aldundian edo udaletan goberna lezake, ezer geldiarazi gabe. Guk mugimendua ekarriko dugu, Donostian euskararen geroa bermatuz eta herritarren parte-hartzea ahalbidetuz.
Zein litzateke egoera Bilduri Alkatetza kentzen badiote?
Oposiziotik ere lan egingo genuke programa betetzen saiatzeko. Hala ere, artifiziala izango litzateke beste indarren artean horrelako paktu bat egitea, jendeari azalpen asko eman beharko liekete.
Aurreko astean, Bilduk programarik ez duela zioen oraindik ere Eneko Goiak (EAJ).
Gure programa maiatzaren 12an jarri genuen web orrian, ireki nahi duenak klik egin behar du, besterik ez.
Zerbait argituko al da bigarren bilera errondan?
Aurrez dakiguna da badugula gobernatzeko gaitasuna, nahiz eta gutxiengoan izan. Akordio puntualek balioko dute nolabaiteko erraztasunez gobernatzeko.
Zer du Bilduk Donostiarentzat prestatuta?
Hasteko, Donostia euskaldun bat, bertako kultura eta hizkuntza bultzatuko dituena eta parte-hartzaileagoa izango dena. Hiritarrek udal politikan zuzenean parte hartzea nahi dugu, Udalak hiritarrak ongi informatzea eta hiritar batzuk mugitzeko prest egotea. Bestalde, ezkerreko politika egingo duen hiria nahi dugu. Pertsonek garrantzi handia izango dute, pertsonetan inbertituko da eta ez horrenbeste hormigoietan.
Praktikan nola ahalbidetuko duzue parte-hartzea?
Auzo elkarte, zaharren egoitza, gaztetxe eta kultur etxe artean potentzial handia dago Donostian. Guk Udalaren deszentralizazioa proposatzen dugu. 18 bizigune natural aurreikusten ditugu, auzo-herri izan daitezkeenak. Horietara iritsiko gara, beharbada azpiegitura berriak eraikiz. Horrela herritarrak informatu eta euren iritziak jasoko ditugu. Erreferenduma da parte-hartzea ahalbidetzeko beste tresna bat.
Arazo larria da langabezia, nola egingo dio aurre Udalak?
Administrazioak lanpostuak sortzeko eta egiten dituen kontratuetan baldintza batzuk eskatzeko aukera du. Bide horretan egingo dugu lan. Zerbitzu bat enpresa bati esleitzean langileak baldintza duinetan ari direla ziurtatuko dugu. Bestalde, langabezian direnei errenta minimo bat ziurtatuko diegu.
Eta ba al duzue planik etxebizitzaren arazoari aurre egiteko?
Orain arte aberats eta enpresa handien interesei begira egon da etxebizitzaren gaia. Badakigu Donostian aukera dagoela lur gehiago okupatu gabe etxeak eraikitzeko; gure apustua alokairu publikoaren aldekoa da. Hala ere, hutsik dauden 12.000 etxebizitzen azterketa egin eta merkatura aterako ditugu.
Legegintzaldi amaieran nolakoa izango da Donostia?
Aberatsagoa izango da. Aberatsagoa, herritarrek udal politikan parte hartuko dutelako, euskaldunagoa izango da, orekatuagoa izango da erdialdearen eta auzoen artean eta orekatuagoa klase sozialen artean.