GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Nork-Nori-Zer-Non-Noiz

Ene, ene! krisian Musikene! Ene, ene! krisian pepinoa! Bai, badakit, ez dut errimaren logika gorde; aukera nuen esateko: badoa, badoa krisirantz pepinoa!, baina orduan neurriaren logikaren kontra nindoake ni neu, pepinoa nora doan, nora daramaten, aparte utzita. Total, dena da gaur krisian. Litioa bera ere, eskuko kalkulagailuetako bateriak bor-bor direlako egunotan bulegoetan, nork-nori-zer-non-noiz nahasian, eta bateriakoa agortze etengabean. Pepinoa nora, litioa hara! Gizajoak! ez dira oraindik iritsi matematika eta logika eskutik doazela jakitera, zenbakiak numero hutsak, are gehiago hotzak, ez direla, boto kopuruen gaurko banaketak biharko logikak atzoko inertziari aurre hartzeko bidea zabaltzen duela. Logikak aldaketa dakar. Eta aldaketetan, botikan legez, asko eta askotarikoak, eta maiz kopagoan, gainera. Horra, kasurako, Lakuan indarrean, zer edo zer esatearren, den maizterrak ekarri duen aldaketa! 720 gradukoa! Ez nau harritzen hango buru estralurtar zorabioan jausi izanak: ni-re-e-txe-a! (euskaratua). Beste batzuen esku da orain aldaketa eraginkor egitearen erronka, aukerak eta arriskuak, biak, arduraz kudeatzekoa. Bertsolariarena, berriro ere, gogoan: sutan jartzean probatutzen da nolakoa den eltzea. Ez da su makala gero!

Aldaketak aldaketa, Meteosatek berak ere aldatu du azken errotazioetan Kantaurialdeko irudiaren itxura. Berde behar zuen leku batean, Donostian, piper potoaren kolorea ageri da zabalen. Jakina, inguruko uso guztiak inguruan kakapirri. Gauzak horrela, pepinoa askoz ere osasuntsuagoa da gurean piper hori baino! Aldaketak egutegian ere. Ertzaintza Eguna atzeratu behar izan du soilburuak, sine die edo. E-coli bakteriarengatik zela pentsatu nuen. Troparen barruan den lan-gatazkak egun horretan patioan leihorik izan ez dezan dute atzeratu. NIMBY (Not In My Back Yard) efektua edo, EAJ euskaraz: Ez Alboko Jardinean. Ez dut imajinatu ere egiten patioan izan zitekeen argazkia, istiluen kontrako brigada, gutxienezko zerbitzuetan, patioan protestan diren gelakideen aurka oldartzen, borra eskuan bueltaka eta goma-pilotak airean gozatzen. Hori bai aldaketa gero! Itxaron beharko, ordea. Aldaketak egutegian, bai, GBBko buruak igarri egin baitu ekaina luzea izango dela. Hau kolpea! ez euritsua edo idorra, ez, luzea! Aldaketak datoz mundura, nor den botoak badaki...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo