GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Rikardo Arregi. DEIA, 2011/6/1

Beldurra

Hauteskunde kanpaina bitartean, Zaramaga auzoko batzuk (Gasteizen mitologia berezia du auzoak) bertan ireki behar den (zen?) meskitaren aurka azaldu ziren zaratatsu, kalera atera, egunkarietara. Alkate berriaren taldeari mugimendua ez zitzaion oso gaizki iruditu, kanpaina zenez, gainera, jolasten ibili zen emozio nahasiekin. (...)

Meskitak irekitzen dira Gasteizen, bai, baina erlijio eraikuntzen arteko lasterketa honetan eliza katolikoak garaile ateratzen dira alde handiz: auzo berri guztietan eliza katolikoak erruz sortzen dira Vital Kutxako bulegoekin batera (baita tabernak ere, gaitz erdi) lehen biztanleek kale berriak zapaldu orduko. Ez dut ulertzen, benetan, zergatik eliza katoliko erromakoa ez den gehiago saiatzen dituen eliza gotiko eder horiek betetzen (San Pedro, adibidez, organo handi horrekin), hala moduzko arkitekturekin fededunak zigortu beharrean. (...) Bilbon eta Donostian ere eliza berriak eraikitzen dira, prestigioko arkitektoek eginak (...).

Eliza katolikoen ugaltze horri buruz zerbait esatea laiko fundamentalisten (to, oximorona) erokeria izango da popularrentzat.

Ikusiko dugu. Gauza asko ikusiko dugu, eta ez berriak guztiak, zeren alderdi popularra agintean edukitzea ez baita esperientzia berria gasteiztarrontzat, badugu eskarmentua. Badira hortik beldurtuta omen daudenak Bildu izango dutelako udal edo foru gobernuetan, meskitaren aurkakoak bezalakoa dira horiek: eltxoaren beldur dira, baina ez dute ikusten liztorra aspaldidanik dabilela. Zilegi da Bildurekin beldurtuta egotea eta ez da zilegi Maroto eta lagunak beldurgarriak direla esatea? Beldurra ez da arrazionala, baina uste dut beldur mota batzuk norberak aukeratzen dituela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo