Santi Leone. BERRIA, 2011/5/31
Ezkaba
Aspaldi da Espainiak bere trantsizioa munduan barna saltzen duela. Nire ustez, ez da aski. Gerla zibila ere eredugarria da. Berriki, Serbiak Ratko Mladic militarra atxilotu eta Europako justiziaren esku paratu du. Jugoslaviako gerla zibilean hainbat sarraski egin izana leporatzen zaio. Jende basa, serbiar horiek. Erran bezala, anitz gauza lituzkete Espainiako gerla zibiletik ikasteko. Hasteko, Espainian ez da inor epaitu beharrik izan. Horrek, berez, zer pentsatua ematen du. Sarraskiak izan baziren ere, bistan da bertze modu batean egin zirela. Modu zibilizatuagoan. Nafarroatik atera gabe, hala argitu du, errate baterako, Javier Nagore Yarnozen liburuak, Luchábamos sin odio (Gorrotorik gabe borrokatzen ginen). Nago Mladicek herrarik beltzena erabili zuela bere triskantzetan. Gurean, ordea, Nagore bezalakoek hiru mila lagun hil zituzten fronterik gabeko probintzia honetan, bertzelako finezia bat sumatzen da. Biziki lasaigarria baita jakitea gauez etxetik aterarazi eta errepide bazterrean tiro botako dizuten horiek ez zaituztela gorroto. (...)
Serbiarrek badute zer oroitua. Hemen ez dugu horrelakorik. Iruñetik hurbil, Ezkaba mendian, XIX. mendeko gotorleku polit bat bertzerik ez dugu. Preso batzuk izan ziren han, frankismoan, baina pentsatzekoa da hotel batean bezain ongi tratatuko zituztela. Serbian ez bezala, hemen jende zibilizatua gara.