GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Iñigo Lamarca (*) Arartekoa

Ingurumena buru-belarri

Adierazi izan dugu elkarteek gizartearen antena gisa jarduten dutela herritarren eskubideak defendatzen. Gaur gure miresmena erakutsi nahi diegu beren lanagatik

New Yorker aldizkariak 1962ko ekainaren 16an «Silent spring» liburuaren lehen emanaldia argitaratu zuen. Zientzialariak eta industria kimikoa astindu zituen tesi bat agertu zen argitalpen horretan. Egileak, Rachel Carsonek, bigarren mundu gerratik soroetan erabiltzen ziren pestizidek ingurumenean eta gizakien osasunean eragin kaltegarriak zituztela azaldu zuen. Kakalardoak eta beste intsektu batzuk ugaltzea eragozteko erabiltzen zen konposatuetako bat DDTa zen. Egileak zioenez, DDTaren eraginpean egotearen ondorioak iraunkorrak ziren eta elikadura-katean barrena hedatuz zihoazen, intsektuengandik txoriengana, eta haiengandik beste animalia batzuengana. Liburuaren izenburuak gogora ekarri zuen nola izango litzatekeen txoririk gabeko udaberria, alegia, tristea eta isila. Liburu hori irakurtzea inspirazio-iturri izan zen, dudarik gabe, Alaskako Amchitka sumendi uhartean egin ziren proba nuklearrei erantzuteko asmoz 70. hamarkadan sortu ziren ekologista modernoen lehen taldeentzat. Estatu Batuetako Ingurumena Babesteko Agentziak debekatu egin zuen DDTa 1972an.

Kontzientzia ekologikoa piztu ondoren, azken urteotan ingurumen arazoak tupustean eta ezin saihestuzko moduan sartu dira gure bizitzan. Klima aldaketa, baliabide naturalak neurriz gain kontsumitzea, energia fosilak erabiltzea, giza jarduerak sortutako kutsadura edo energia nuklearraren gaineko eztabaida munduko agenda politikoaren eta norberaren agendaren osagai dira.

Zilegi da aitortzea talde ekologisten lanak sortu duela ingurumenaren gaineko interes sozial eta politikoa, izan ere, haiek gure planetan ingurumena babestu eta sustatu behar dela aldeztu dute 70. hamarkadaz geroztik.

Gaur, ingurumenaren munduko eguna izanda, Ararteko erakundeak Euskadin kokatutako talde eta elkarte horiek egiten duten lan oparoa onetsi nahi du, buru-belarri parte hartzen baitute gure ingurumena defendatzen, helburu bakarrarekin: gure aurrekoek utzi ziguten ondarea geroko belaunaldientzat zaintzea.

Behin batean, kontrolik gabeko lindane-biltegien kontra borrokan zebilen ekintzaile batek aitortu zigun sistema ona zeukala minbizi-eragile hori antzemateko: usaimena. Nahikoa zen konposatu organiko hori behin usaindu izatea sekula haren usain bizi eta meleka ez ahazteko. Proiektu horietan, boluntarioen taldeek beren eskuen ukimenaz birlandatzen dituzte bertako hamarnaka zuhaitz, gaztainondoa edo haritza, esaterako. Zuhaitz horien erroek lurra egonkortzen dute, landaredia mantentzen dute eta biodibertsitaterako hain kaltegarriak diren beste espezie inbaditzaile batzuk deuseztatzen dituzte. Herritarren elkarte ugarik denbora luzea daramate isiltasunaren bandera jasotzen, beren etxeetan pairatu behar izaten duten hots-kutsaduraren ondorioz. Zarata da hiriguneetan edo komunikazio azpiegituren inguruetan herritarrek jasaten duten arazo garrantzitsuenetako bat. Azpiegitura horietako askok paisaian duten eragina ikusita, zenbait talde elkartu dira gure askotariko paisaia naturala edo paisaia humanizatua babestu eta zaintzeko, gure belaunaldia igarotakoan ere paisaia hori ikusteko aukera egon dadin. Azkenik, nekazari taldeek eta mugimendu ekologistek egunero borroka egiten dute merkatuaren arauen kontra, bertako produktuak defendatzeko, hau da, modu tradizionalean eta ekologikoan landatutakoak, aldakuntza genetikorik gabeak. Horren ondorioz, elikagai on eta osasungarriak dasta daitezke.

Zenbaitetan adierazi izan dugu elkarteek gizartearen antena gisa jarduten dutela herritarren eskubideak defendatzen. Gaur gure miresmena erakutsi nahi diegu beren lanagatik -erakunde publikoek askotan ez baitute behar bezala aintzat hartu izan-, lan horrek azaltzen digulako zein zentzumen erabili behar den, zer bost zentzumen erabili behar diren kalitateko ingurumena lortzeko borrokan eta defentsan.

(*) Artikulua Julia Hernández ondokoak eta Carlos Barcina ingurumen arloko koordinatzaileak ere sinatzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo