GARA > Idatzia > Euskal Herria

Uemaren lagunak Bergaran batu dira, euskararen arnasgunea zabalduz

Uema Eguna ospatu zen atzokoan Bergaran, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, azken hogei urteotako ibilbidea oinarri hartuta, etorkizuneko erronkak finkatu zituen. Egun ia 60 udalek osatzen dute Uema eta kopuru hori handitzea dute etorkizun hurbileko erronka, hauteskundeetako emaitzek pozik egoteko argudioak eman baitizkiete. Hori bai, babes sozialaz gain babes juridikoa ere ezinbestekotzat dute Uemako kideek euskararen egonkortasuna ziurtatzeko.

p016_f02_199x116.jpg

Ana ABARIZKETA |

Uemako kide eta lagunak batu ziren atzo Bergaran, mankomunitatearen egun handian. Dagoeneko hogei urteko ibilbidea egin du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, betiere Euskal Herriko udaletan euskararen normalizazioa bultzatzeko helburuarekin. Ez da lan makala, baina bere fruituak eman ditu: mankomunitatea hasieran hamalau udalek osatzen bazuten ere, egun ia 60 kide ditu Uemak.

Egindako ibilbide oparoak indarberrituta, Uema handitzen jarraitzeko prest dago. Gainera, mankomunitateak inoiz baino kide gehiago ditu eta azken udal hauteskundeetako emaitzek ere etorkizun oparoa ekarriko dietela uste dute Uemako kideek. Horren harira, Bilduko ordezkariak ere izan ziren atzo Bergaran. Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko Bilduren hautagai Martin Garitanok honako konpromisoa berretsi zuen gainera bere jaioterrian: Bilduren esku geratu diren eta Ueman sartzeko baldintzak betetzen dituzten udalak mankomunitateko kide egingo dira. Bildu garaile izan ez den udaletan ere Ueman sartzeko proposamena egingo dutela aurreratu zuen.

Babes juridikoa helburu

Gogoeta egin eta Uemak dituen erronken berri emateko balio izan zuen atzoko ekitaldi instituzionalak. Jon Bollar Uemako lehendakariak eta Agurne Barruso Bergarako alkateak hartu zuten hitza. «Gure hizkuntzak har dezan arnas» aurtengo leloa gogoan, Bollarrek herritarrak ez direla euskarak behar dituen arnasgune bakarrak nabarmendu zuen. «Euskararen arnasguneek babesa behar dute. Babes soziala bai, baina baita babes juridikoa ere. Babes hori da aldarrikatu eta exijitu behar duguna», azaldu zuen Uemako lehendakariak.

Egun denen ahotan dagoen ekologia ere izan zuen hizpide Bollarrek. «Animalia batek biziraun behar badu, bizirauten lagunduko dion eta babesa emango dion tokia behar du, inguru babestua. Gauza bera gertatzen da euskararekin ere. Izan ere, euskarak iraungo badu, euskara nagusi izango den guneak egotea behar-beharrezkoa da». Horretarako legea lagun izan behar, ordea, «euskara hutsean bizitzea babestuko duen legea».

Euskarak biziraun dezan, «zaindu» egin behar dela aldarrikatu zuen Bollarrek, baita lan hori «askoz errazagoa» izango dela ere euskararen lurgune sendo eta zabala osatzen bada. Izan ere, Bergaran atzo entzun ahal izan zen bezala, «gure esku dago gure arbasoek lortu zutena guk ez etetea. Eta horretarako euskaraz bizitzeko konpromisoari eutsi behar diogu». Uneoro gure ahoetan euskara erabiltzea da bidea.

Guzti-guztiek gozatzeko moduko egitarau oparoa

Egun osoko egitaraua prestatu zuen Uemak atzokoan mankomunitatearen egun handirako. Eguraldiaren goxotasunean, larunbata goiz-goizetik aprobetxatu zuten bertaratutakoek. 10.30ean hasi zen giroa berotzen, Hitz Gurutzatuen Binakako Txapelketako kanporaketen hasierarekin. Eguerdira arte iraun zuen lehiaketak. Finala lau bikoteren artean jokatu zen, azkenean Aloña Aranburu ormaiztegiarrak eta Ibon Zaldua donostiarrak osatutakoa nagusitu zelarik. Hori bai, finalista guztiek eraman zuten sari bana etxera.

Umeentzako jolasguneak ere izan ziren. Hala, Ariznoa plazara hurbilduta, puzgarriekin jolasteko abagunea ere izan zuten txikienek. Ostean, sabelak bete, gogoetak konpartitu eta indarberritzeko unea iritsi zen: herri bazkaria.

Arratsaldean ere ez zen aspertzeko unerik izan. Behin indarberrituta, musikak protagonismoa bereganatu zuen. Euskal Kantuzaleen Elkartearen laguntzarekin, Iruñeko Mutiko Alaiak taldea aritu zen bildutakoen arimak alaitzen herri kanten bertsioak joz, betiere, noski, euskara ardatz hartuta. Eguneko azken orduetan, berriz, musikak gaztetxera egin zuen salto Gozategi musika taldearen kontzertuarekin. A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo