Larrabetzuko Literaturia, orri zuriak airera zabaltzen dituen zuhaitza
Hitzez betetako hosto zuriz loratzen da Literaturia, eta sustraiak lurpean baino airean zabaltzen ditu, infinituraino. Pausoa luze emanda leunean, ekimena soseguz doa aurrera.
Anartz BILBAO
Kimuak sustraiak Larrabetzun lotu ditu, eta enborra sendotzen dihardu Literaturiak. Ostiral iluntzean bertaratu ginenerako etxeko bidean ziren literatura zale asko, liburu aurkezpenetan idazleen lanak beren ahotik ezagututa ase, eta ehunka batzuk plazan ziren, Ruper Ordorikaren jarduna noiz hasiko zain. Pausuz pausu, hemen bakoitza bere jardunean dabil, txandaka. Lerrook idazten ditugun honetan, esaterako, gaztetxoak gustura izango dira plazan, Kukuke antzerki taldeak atondutako «Ortzadarra» eta «Basoan galdutako neskak» antzezlanei adi -etxeko txikienei begira antolatua, Literaturiatxuak ere egitarau oparoa izan du, eguerdiko trikitixa kalejirarekin hasita-.
Ostirala aipatuta, gaueko soinu uhinen aipamenen bat egin behar. Izan ere, Ruper Ordorikaren egungo laukotea aski ezaguna dugun arren, gero eta gozoago dugu. Kantu hautaketa ikaragarria prestatu zuten herenegun, plazan futbitoko formazioan jarrita: euskarri lanetan, Lutxo Neira; hegaletan, Arkaitz Miner -gitarra txinpartetan bikain, «Nor da» kantuan kasu- eta Hasier Oleaga; eta, aurrelari, oñatiarra. Gauerdia pasata, gainera, Ordorikaren karroza kalabaza bihurtu zuten Hudaltzainek gainezka zen gaztetxean, luze joan zen gau garratzean.
Gauak loak hartu eta egunak argitu orduko, liburu aurkezpenetan murgildu ginen atzo. Aurreko Literaturietako formatua aberastuz, prentsaurrekoan aurkeztutakoek Anguleri hartu zuten kokagune. Bertan izan ziren, besteak beste, Mikel Etxaburu («Zu zara orain txoria», Elkar), Xabier Mendiguren Elizegi («Sakoneta», Elkar), Maiatz aldizkaria... Bitartean, plazan eta Ahotseneako formatutik hurbilago, labetik atera berriak diren lanak izan genituen mintzagai. Hasteko, Goizalde Landabasok Txalapartan plazaratu duen «Bränskint» aurkeztu zigun. Deustuarraren esanetan, «hastapenean irratirako behar zuten mikroipuinez osatutako lanak -dozena inguru emititu ziren-, kokagune imaginario bat du». Minutu bateko 50 ipuinek hiria dute ardatz, «grisa eta marjinala atera zait, gero konturatu naizenez». Lana berezia denez, ipuin bakoitzeko Aritz Eigurenen ilustrazio batek aberasten du liburua gainera. Igelak, bere aldetik, Boccacioren «Dekameron. Hamar ipuin» itzuli ditu, argitaletxeko Olarraren esanetan, «gazteek irakurri eta beste zerbaitetan has daitezen. Edo apaiz sar ez daitezen, bederen».
Alberto Ladron de Aranak «Zer barkaturik ez» plazaratu du Elkarren. Iruindarraren bosgarrena eta misterioz josia, «lanak suspensea eta hasieratik irakurlea harrapatzeko nahi garbia du», bizitzako unerik gozoenean ez den protagonistak eta gertakari latz batzuk lagunduta. «Nobela bizia da, erritmo bizkorrekoa, eta, aurrenekoz -bere lanetan-, protagonistaren barne bizitza ez ezik bizitza soziala ere agertzen du, baita umore ironiko bat ere».
Bukatzeko, Maiatz argitaletxeak Xabier Soubelet artistaren «Iza ote iza» olerki lana aurkeztu zuen. Pintore, idazle eta musikari, bibotedunak «oihu egin» nahi izan du, eta gogamena sortzen dioten injustiziak salatu. Gainera, «olerkiei musika jarri eta kantu bihurtu ohi ditut» esanda, gitarrarekin kantatu egin zizkigun boteprontoan, eguerdia epelduz. Aipatutako lan guztiak salgai dira plazan paratu den azokan, baina salmenta lanetan ari direnek aitortu zutenez, «saltoki baino topagune da gehiago Literaturia, eta pozik gara horrela».
Igandea ere ekitaldiz blai
Gaur, igandea, Literaturiak azken jarduna du. Goizean, hasteko, Mikel Martinez antzezleak, Xabier Mendiguren Elizegi idazle eta Elkar etxeko editoreak, Alaitz Olaizola antzerkigileak eta Borja Relaño «Artezblai» aldizkari teatraleko arduradunak mahai inguru batean hartuko dute parte, «Antzerkiak badu irakurlerik?» galderari erantzun nahian, Oier Guillanek bideratuta -aurtengo azokan inoiz baino antzerki testu gehiago aurkitu ahal dira-.
Eguerdian, ohiko formatuari jarraiki, liburu aurkezpenak jasoko ditu Anguleri kultur etxeak. Aurreikusitakoaren arabera, bertan izango dira Josi Basterretxea Polo («Azken tranbiaren itzala», Elkar), Lutxo Egia («Txakur ingelesak», Susa), Denonartean (itzulpenak), Antonio Casado de Rocha («Ezker eskuarekin», Utriusque Vasconiae), Paddy Rekalde («Spray», Susa), Iban Zaldua («Biodiskografiak», Erein), «HausnART» aldizkaria (Lapiko Kritikoa), Beñat Sarasola (Piliph Rothen «Nemesis» itzuli du, Mettok)... Bazkalostean bertso-trama literarioa izango da, Josu Goikoetxea gidari eta Maialen Lujanbio zein Unai Iturriaga kantari direla; eta, ondotik, Hori Bai gaztetxean (18.30etik aurrera), Mikel Martinez antzezleak «Izarretako bitakora. 238. Bidaia: Denboraren korapiloak» ipuin kontaketa egingo du.
Bukatze aldera, eta gaztetxetik irten barik, «Hura ez da lekua» poesia, pintura, musika eta antzerkia uztartzen dituen saioak eta Miren Agur Meabe, Jon Benito, Paddy Rekalde, Asier Serrano eta Antonio Casado de Rocharen poesia irakurraldi batek itxiko du Euskadi sarietako kalapitetatik urruti euskal literaturaren sareak eratzen ari den ekimena.