GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

SURFLARI ERNEGATUA

Historia eta istorioak


Azken egunotan surfarekin zerikusia duten webguneak ikuskatzen aritu naiz. Gehienek marka izen bat dute babesle; beraz, propaganda orri ere badirela esan daiteke. Surf eskolen kasuan uler dezaket, nahiz eta aldekoa ez naizen; azken batean, eskolak ogibide dira, eta bakoitzak ahal duen moduan egiten ditu gauzak. Hori bai, egiteko moduak norberaren izatea irudikatzen du. Nire ustez, surf eskolek, ikasleei zein markako materiala erosi erakutsi beharrean, beharrezko materiala egoki aukeratzen, eta zerbait apurtuz gero, berau konpontzen erakutsi beharko lukete, Zarauzko Surf Eskolan egiten duten moduan (kontuz, ez nahastu Zarauzko Surf Elkartearekin; ez dira gauza bera, inondik inora).

Elkarteei dagokienean, berriz, marka izen baten babesa izatea kontraesana iruditzen zait, elkarte gisa, dirua bitarteko bat baita eta ez helburua. Beste gauza bat da, elkarteko kideek, egiten dituzten jarduerak egiteko babesleek eskaintzen dieten diru laguntza zilegitzat hartzea. Kasu horretan ez daukat esatekorik. Ni ez nintzateke horrelako elkarte-enpresa bateko bazkide izango; baina onartu behar dut, horrela pentsatzen dugunok gutxiengo bat garela, arraroak garela, egun musu truk lan egitea baloretzat dugunok tontotzat eta erotzat hartzen baikaituzte. Iroshima bonbardatu ostean eroetxean sartu zuten pilotu hura bezala. Eroa, arraroa, kontzientzia arazoak izan zituen pilotua izan zen; besteak, egin zutenarekin inongo kontzientzia kargarik ez zutenak, haiek ziren «normalak».

Web orrietan ikusi dudan beste gauza bat surfaren ustezko historia ofiziala eta norberaren elkarte edo eskolaren ibilbidea kontatzeko joera da. Batzuetan gezurra da nagusi, nabarmen gainera, eta gehienetan inongo frogarik erakutsi gabe esaten dira direnak eta ez direnak. 1988tik surf ikastaroak ematen dabilela dioen elkarte-eskola bateko web bat ere topatu dut. Monitore zaharrena urte berean jaio zen; alegia, obulutxoa ernaltzen duen zorioneko espermatozoide bat baino ez zen surf ikastaroak ematen hasi zenean. Hori bai fenomenoa, txo! Askok, surfa eta kultura lotzeko asmotan edo, kirol honek izan duen ibilbidearen berri ematen dute beren web orrian eta surfaren hastapenak kontatzerako orduan, denek izen eta gertakari berberak aipatzen dituzte: 1778. urtea, Cook kapitaina eta Hawaiiko irlak.

Mendebaldeko gizakiak (gizon zuria argi eta garbi ez aipatzearren), berak ulertzeko moduan eraikitzen du historia: kronologikoki denboran, gertaeren monopolio guztia protagonista gutxi batzuen bizkar utzita, eta batez ere, modu linealean. Badakigu gauzak horrela ez direla, konplexuagoak direla; baina horrela irakatsi eta ikasten ditugu, irudiz, beste alternatibarik ezean. Surfaren historia esaterako, Cook kapitainak Hawaiiko irlak zapaldu (esan nahi dena ezin hobeto deskribatzen duen hitza) zituen egunaz geroztik abiatzen da. Ez da horrela, hawaiiarrak ez ziren hasi, nabigatzaile txepel bat etorri zela-eta, haren gusturako surf egiten, baina Mendebaldeko herritarrok, data bat, gertaera bat eta protagonista bat behar ditugu, aipua «historia» izan dadin.

Polinesiarrek, perutarrek eta beste zenbait herrialdetako biztanleek mendeak daramatzate tresna desberdinekin olatuak hartzen; baina guretzat, surfaren historia Cook kapitainarekin hasten da. Cook baino lehen polinesiarrak surf egiten ikusi zituzten zenbait nabigatzaileren testuak badira; baina historia irabazleak idazten du, eta norbaitek, nonbait, Cook kapitainaren data, izena eta gertaera zabaldu behar zirela erabaki zuen.

Antza, Cook baino lehenago, 1527. urtean, Alvaro Saavedra hawaiiar irletan izan zen, baina haren izena ez da inon ageri. James King tenienteak berriz, Cook kapitainak baino hobeto deskribatzen du hawaiiarrek olatuak hartzeko zuten abilezia: «Haiek (hawaiiarrek) aukeratzen dute denbora-pasa honetarako momentu egokia. 20 edo 30 kide punta borobildua duten ohol handiekin abiatzen dira itsasbazterretik, denak batera. Topatzen duten lehen olatuaren aurrean urperatu egiten dira, eta hau, gainetik igarotzen da. Bigarrena zailagoa da eta urperaketa momentua gaizki aukeratuz gero, bortizki botatzen ditu atzerantz olatuak. Olatu gunea iraganda, gainalde lasaia antzematen dutenean, taulan eseri eta itzulerarako prestatzen dira».

«Uhinaldia olatu kopuru batek osatzen du eta hauetatik hirugarrena izaten da handiena. Altuera handiena duen olatuaren gainaldean itsasertzera abiatzea dute helburu eta itzelezko abiadura hartzen dute». Ikaragarri ongi deskribatutako pasartea iruditzen zait, baina testu honek ere ez zuen arrakasta handirik izan. 1767an, Cook kapitainaren «Resolution» ontzi famatuak Hawaiiko kostaldean aingura bota baino hamarkada bat lehenago, «Dolphin» ontzi ingelesa, Taitin izan zen, eta bertakoek «choroee» izenez deitzen zituzten kanoekin gazteak olatuak hartzen nola ibiltzen ziren kontatzen dute. Baina antza, norbaitek, nonbait, historiarako pertsonaia egokia Cook zela erabaki zuen. Eta antza, egun, erabaki haiek hartzen dituztenen moduan jokatzen dugu, bai elkarteetan, bai eskoletan, eta uretan ere bai. Arraroak, historia, istorioz osatzen dela diogunak gara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo