GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Legerian zein etxean

Lan munduan irautea munduan bertan irautea bezain ezinbestekoa da. Bizitzaren baitako mundutxoen artean beharrezkoenetarikoa zaigu, jan, lo egin eta bizitza izango badugu. Bertan egote hutsak, beraz, premiak estututa, ia edozertara prest egotera eramaten gaitu, eskaintzen ari zaiguna penagarria besterik ez dela jakin arren, gainerako mundutxoak ez dakizkigun erori. Hainbat adibide jar litezke lan munduan gertatzen diren dramen inguruan, baina badago bat zaharra bezain bidegabea dena: etxeko langileena.

Pil-pilean dago egunotan; pil-pilean negoziazio mahaian dagoelako, Lanaren Nazioarteko Erakundea «itxurazko» etxeko lanaren gakoak eztabaidatzen ari delako, elkarteen urtetako borroka eta presioaren eraginez nabarmenegia delako legeria zaharkitua, desegokia eta sistematikoki urratuta dagoela. Izan ere, itxurazkoa ez beste guztia da langile hauen egoera: langabezia-sorospenerako eskubiderik ez; baja ordaindua 29. egunetik aurrera; gutxieneko soldata 641,40 eurokoa, hots, lanbide arteko gutxienekoa; lan-gaixotasunen onarpenik ez; astean 36 orduko atsedenaldia, jarraitu gabeak izan daitezkeelako berezitasunarekin... eta lanaldi etengabeak, egunean bete beharreko orduen muga bederatzikoa bada ere, gainerako langileentzat bezala, etxeko langileen kasuan «bertan egon beharreko denbora» kontzeptua existitzen baita, hau da, etxean familiaren esanetara egotera behartuak izan daitezke beste zazpi edo zortzi orduz, euren lanalditik kanpora.

Langileak baino mirabeak dirudite. Gure etxeak eta senideak zaintzen dizkiguten milaka esklabo. Ogibidea baldintza negargarri horietan aurrera eraman behar izateaz gain, inolako aintzatespenik jasotzen ez dutenak. Milaka emakumeren egoera da, ia ehuneko ehunean emakumeak baitira langile hauek, historikoki gure eskuetan utzi baita zaintza eta etxearekin zerikusia duen guztia, horrek dakarren lan eskerga guztiari inolako baliorik eman gabe, bai norberaren etxe barruan, bai besterentzat eginda, gure berezko eginbeharra bailitzan. Eta gutxi aldatu da kontua egun ere. Jendarteak produktibitatea, kanpo-irudia eta materialtasuna baloratzen ditu, pertsona eta haren lana horien arabera aintzat hartuta. Ondorioz, emakume hauek langileen arteko ikusezinenak eta kaltetuenak dira; batetik, etxe barruan jardunda bertan geratzen baita egindako lanaren onura; bestetik, eskubideak aldarrikatzeko edota bidegabekeriak salatzeko bitarteko sendorik ez dutelako, eta, azkenik, jendartearen begietara azken mailako langileak izaten jarraitzen dutelako.

Hortaz, Lanaren Nazioarteko Erakundea lan-baldintzak aldatzeko eztabaidari ekin izana berri ona da emakumezkoen kolektibo honentzat -gizonek ere osa lezakete, egunen batean-, hartuko diren erabakiak Europar Batasuneko herrialde kide guztiek bete behar izango baitituzte. Hala ere, horrekin batera, behin betiko aurrerapausoa eman dadin nahitaezkoa da langile horiek etxean dituzten familiek ere bestelako onarpena eta balioa eman diezaieten, legea betetzeaz harago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo