GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Esan nuen gezurra han eta...

Haurrek telebistan ikusten dutenarekin eta ikusten ez dutenarekin arduratuta sumatzen dira gurasoak inguruan. Komeni ote zaien halakoa edo bestelakoa ikustea zalantza egiten dute.

Bada, espero dut bene-benetan ardura apur bat duten guztiek, hauteskunde kontuak telebistan ikusi dituztenean, azkar, bat-batean, kanala aldatuko zutela; gainerakoan, hainbeste kostata lortu duten apurra, harraska behera botako zuten eta, ziur aski, erantzunik ez duten galdera aldrebes mordoa entzun beharko zuten.

Nola azaldu jakin-mina duen haurrari zer demontre egiten duten hautagai batzuek piragua baten gainean, giharrak erabat uzkurtuta, eta begi larriez `aterazak argazkia azkar!' esanez? Nola esan modu xelebre horretan inoren konfiantza eta botoa irabazi nahi dutela, euren begietan ezer sumatzekotan konfiantza eza denean? Sekulako auzo-lotsaz jarraitu ditut hauteskunde aurrekoak. Eta behin boza eman eta telebista gorritu gabe ikusiko nuela pentsatzen nuenean... Odon eta bere kasketa.

Txikiak garenean ezer ikasten badugu, gezurrak hanka motzak dituela da. Zenbat alditan ez ote nuen entzungo nire etxean hori! Jakin egin behar da zer esan eta non esan. Esandakoarekin aurrera egiten ere irakatsi ziguten, inori emandako hitza betetzen. Horretan tematzen ziren gurasoak probetxuzko eta hitzeko gizon eta emakumeak izan gintezen. Hobekiago edo okerrago ikasi genuen gezurrik-edo ez esaten...

Haurtxoari helduta berriz, imajina ezazue gezurren hanken tamainaren inguruan gora eta behera aritu eta hark Odon ikusi eta entzuten duela... Orain bai, orain ez. Esan nuen, baina ez nuen esan... Aitortu behar dut ni ere saiatzen nintzela, horretarako abila izan behar dela konturatu nintzen arte, joko batean jolastu behar eta hura nire faboretan moldatzen. Ez esan ezetz, zein ez da saiatu horretan lotsagabe? Zeinek ez du ezkutaketan jolasten tranparik egin?... Odoni zerbait eskertu behar badiogu, asko nostalgiaz beteriko uneetara eraman gaituela da. Orduan askotan entzun izan nuen esaldia baino ez zait okurritzen ordainetan: txikito, galtzen ere ikasi egin behar da gero!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo