GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Pastorren erabakiak izen jakina du: iruzurra

Bizkaiko Batzar Nagusietarako PSEren zerrendaburu izan zena ez da ahaldun nagusia izango, hautesleek hala erabaki zutelako. Batzarkidea ere ez da izango, kasu honetan berak erabakita, Gasteizko Legebiltzarreko eta alderdiko lanei bete-betean ekiteko, atzo esan zuenez. PSEk lortutako emaitzen ondorioz berak edo alderdiak hartutako erabakia balitz, eztabaidagarria izan liteke; baina, edonola ere, errespetatzeko modukoa eta ulergarria, PSEk Bizkaian eta Hego Euskal Herri osoan jasotako emaitza kaskarren azterketak horretaratua litzatekeen aldetik. Pentsaezina zen Pastorrek ahaldun nagusi izateko adina boto lortzea, eta ezin jakin PSEren emaitza nabarmen onak izan balira Bizkaiko Batzar Nagusiak utziko zituzkeen; hala ere, Pastorrek berak esan zuenez, erabakia aldez aurretik hartua zuen, hauteskundeak baino lehen, alegia, eta Bizkaiko PSEko Batzorde Exekutiboarekin batera aztertua. Erabakia baina ez iragarria; aitzitik, iragarri baino lehen, hauteskunde kanpaina osoa eman zuen hautesleak, bera ahaldun nagusi izanez gero, indarrean jarriko zuen programaren onurez konbentzitu nahian. Horiek horrela, Pastorren atzoko iragarpenak izen jakina du: iruzurra. Politikarien balorazio eskasaren ondorioz, politikaren zereginak ere ospe txarrak jota dago, eta Pastorrena bezalako jokabideek, hain justu, ez dute politikaren izen ona berreskuratzen laguntzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo