ITXIALDIA IBAETAKO CAMPUSEAN
«Gazte 1 + ez!» ekimena, amore ematen ez duen gazteriaren taupada
Gizarte baten termometroa omen da bere gazteria. Euskal Herrikoak maiz erakutsi du sinesten duen horretan dena emateko ahalmena duela, eta larrutik ordaindu du makina bat aldiz. 2007tik 250 gazte baino gehiago pasatu dira espetxetik eta horietako askok torturak salatu dituzte. Ibaetan elkarrizketatu ditugun bost gazte hauek dira horren lekuko. Ez dira ezertaz damutzen eta berriro berdina egingo luketela diote. Gainontzeko gazteriari, mezu bat: «Ez desanimatu, bizitza luzea da, eta, borroka, bizitza ulertzeko modua». Horren lekuko da «Gazte 1+ ez» plataforma bera ere. Nahi duenak biharkoan du zita Usurbileko festa erraldoian.
Maitane LINAZASORO
Orereta
«Hainbeste gazte gara berdinetik pasa garenak, azkenean elkartu eta zerbait egiteko beharra genuela»
Beltz ikusten du uztailean izango duen epaiketa. 2008 urtean atxilotu zuten, Oarsoaldean hiru sarekadatan gauzatutako operazioan; 21 urte zituen. «Asmatu dute asmatu dutena, eta, azkenean, kristoren gazte pila gaude egoera gogorrak bizitzen. Azken finean, gainera, inongo frogarik gabe», dio. Gazteen artean beldurra zabaltzea lortu dutela dio, baina Maitaneri behintzat ez dio atzera-egiterik sortu: «Niri espe- txeak bide onetik goazela erakutsi dit».
Joseba ELORRIAGA
Algorta
«Guk eraman dugun borroka eraginkorra dela erakusten du; bestela ez ziguten kasurik egingo»
Hiru egun luze igaro zituen inkomunikatuta, baita bi urte espetxean ere. 2007an Uribe Kostan izandako sarekadan atxilotu zuten; guztira 11 lagun atzeman zituzten. Orain zuten epaiketa, baina, azkenean, «Bateragune auzia» dela-eta, irailean egingo da. Inkomunikazioa ondoen definitzen duen hitza «panikoa» dela dio; «nire bizitzako momenturik gogorrenak izan ziren». Kideen babesa ezinbestekoa dela dio: «Inkomuni- kaziotik irten, eta, pentsatu nuen, bale, espetxean nago, baina lasai nago, ez naute ukituko». Gero, espetxera moldatzea izan zen kontua; «nahiko ondo egin nuen», dio algortarrak. 22 urte zituen orduan; orain, 26 ditu.
Aitor OLAIZOLA
Donostia
«Kalean inor ez mugitzea dute helburu, horrela herri honen etorkizuna zapuztuko dutelakoan»
Kartzelan zegoela lagun batek idatzi zion espetxetik; «apurtzen ez gaituzten egoerek indartu egiten gaituzte», zioen gutunak. Egoera jakin batzuk bizi arte ez zara konturatzen gorputzak duen ahalmenaz, hala dio gazte honek behintzat. 17 urterekin espetxeratu zuten aurreneko aldiz; 2007an bigarren aldiz, Donostian egindako sarekadan. Egun 28 urte ditu. Bi urte eman zituen espetxean, eta, orain, Auzitegi Gorenak sententzia berresten baldin badu, edozein momentutan atxilotu dezakete berriz ere beste 15 kiderekin batera. Arriskuak arrisku, ideiak argi ditu: «Bizi garen herrian, gertatutakoa gertatzea aukera bat zen; ez da onartua dugula, arrisku hori hor dagoela badakigula baizik». Gazte mugimenduari dagokionez ere ideiak argi ditu: «Edozein lekura joan eta lau urtean 300 pertsona atxilotu dituztela esanda, edozein mugimendu bertan behera gelditzen da. Hemen, behintzat, mugitzeko ahalmen hori badugu; egoera zaila dela, noski!».
Goizane PINEDO
Gasteiz
«Militantziaren inguruko dudarik ez dut izan; horregatik jarraitzen dugu borrokan espetxetik irtendakoan»
Goizane Pinedok 20 urte ditu. 2009ko azaroaren 24an atxilotu zuten, beste 33 gazterekin batera. Inkomunikazio egunak igaro ostean, kide gehientsuenak bezalaxe, espetxean sartu zuten. Azkenik, 2010eko azaroan, 8.000 euroko fidantzapean gelditu zen aske. Epaiketaren zain dago eta ez daki zer etorriko den, baina ideiak argi ditu: «Atera nintzen egunean bertan esan nuen: uste badute espetxeratzearekin geldituko gaituztela, ez dute lortuko. Nik argi daukat borrokan tinko jarraituko dugula». Espetxealdia ez du galdutako denbora gisa hartzen: «Beste esperientzia bat da eta asko ikasi nuen».
Mikel BEUNZA
Iruñea
«Garena izateari ezin diogu utzi, eta, orain, ‘Gazte 1 + ez!’ ekimenarekin, antolatzeko tresna bat gehiago dugu»
Beunzak gogoratzen duenez, orain dela urte batzuk, «guztiz militarizatutako polizia» gazteen aurka jo eta su hasi zen Iruñean. Munizipal talde batek, adibidez, «egunero identifikatzen eta atxilotzen zituen gazteak». Espetxeratu zutenean, 2008ko azaroaren 10ean, Iruñerrian gazteria indarra hartzen ari zela dio: «Gure sarekadarekin, baita aurrekoekin eta ondoren etorritakoekin ere, beldurra sartzea zuten helburu». Espetxeratu eta hiru hilabetera gelditu zen aske. Aldiz, orain dela bi urteko Korrikako argazkien kontura, berriz ere «dantzan» ibili dituzte bera eta beste kide bat: «Azkenean, fidantzapean atera bai, baina beraien eskuetan zabiltza txotxongilo bat bezala, gaur Madrilera joan eta bihar berdin».