GARA > Idatzia > Mundua

Isilpeko Bilderberg taldeak polemika eta polizia andana eraman ditu Suitzara

Esklusiboenetan esklusiboena omen da, mundu mailako enpresari eta politikari boteretsuenak elkartzen baititu. Ezer gutxi ezagutzen da, ordea, Bilderberg taldearen inguruan; gaurtik aurrera 130 lagun batuko dituela Saint Moritzen, besterik ez. Salaketa manifestazioa deitu dute biharko.

GARA |

Kluben artean esklusiboenetan esklusiboena. Horixe da Bilderberg izenez ezagutzen den taldea. Mundu mailako politikari eta enpresari boteretsuenak biltzen ditu, eta Saint Moritz herrixka suitzarrean izango dute bihar hasita urteroko zita, uste denez, lau egunez. Izan ere, berri gutxi zabaltzen dira beraien batzarren nondik norakoez, are gutxiago aztertzen dituzten gaiez; ateak itxita burutu ohi dira saioak. Kasik nor joaten den ere ez da jakiten. Hori bai, aurtengo zitan 130 bat pertsonalitate izango direla ezagutu da nola edo hala, baita herrixka horretan dagoen Suvretta bost izarreko hotelean batzeko asmoa dutela ere.

Ez dira bakarrik egongo, dena den. Noski, segurtasun neurri zorrotzak tarteko, ehunka polizia izango dituzte zelatan; baina, horrez gain, goi bilera bereziaren aurka protestatzera joango diren zientoka manifestari ere elkartuko dira. Suitzako Gazteria Sozialistako presidentea den David Roth izango da manifestarietako bat, «horrenbeste egunez hainbat politikari eta enpresari sekretuan biltzeak ez baitu gauza onik adierazten». «Munduan zeresan handia duten kontu oso garrantzitsuak tratatzen dituzte isil-gordean; ez dira kafea hartzeko bakarrik elkartzen, munduak nondik jo behar duen deliberatzeko batzen dira», salatu du.

Uste berekoak dira egunotan hotelaren inguruan itzulika diharduten manifestariak ere. «Halako eliteen existentziak ez dio mesede egiten gure ongizateari. Kontrakoa esango nuke, batzar hauek amaitu eta hondamendi lazgarrien testigu izaten baikara epe laburrean», segurtatu du horietako batek. Greziako ekonomia krisia du gogoan; izan ere, duela pare bat urte Atenasen batzartu zen Bilderberg taldea, eta, handik egun eskasetara, herrialdeak oraindik ere bizi duen krisi ekonomikoaren berri eman zen. Horiek horrela, guztiz bidegabetzat duten bilkura salatzeko manifestazio egingo dute bihar.

Mundu mailako boteretsuenen gotorlekutzat jo arren, ez da guztiz horrela, praktikan, EBko zein AEBetako boteretsuak biltzen baititu taldeak. Halaxe dio Bilderberg taldearen egiazko historia kontatzeko liburua idatzi zuen Daniel Estulin kazetariak. 1954an batu omen zen lehen aldiz taldea, Herbeheretan, eta, hain zuzen ere, bi potentzia horien arteko harremanak hobetu eta sendotzea izan zuten xede. 2003ko Irakeko gerra eta Europan txanpon bakarra sortzea, besteak beste, Bilderbergen burutazioak izan omen ziren.

Gaur Saint Moritzen hasiko duten bilera, Kataluniako Sitges herrian egin zen iaz. Besteak beste, Generalitateko presidente Jose Montilla izan zen parte-hartzaileetako bat.

baita cospedal ere

PPko idazkari nagusi Maria Dolores de Cospedalek bileran parte hartuko duela jakinarazi dute bere ingurukoek, baita hitza hartuko duela ere. Antza, maiatzaren 22ko hauteskundeak baino lehen jaso zuen gonbita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo