GARA > Idatzia > Kultura

Antonio Oteiza, eskultorerik topatzen ez zuelako buztina lantzeari ekin zion artista

Atzo Kutxaren Boulevard aretoetan zabaldu zuten erakusketa, «Gizakiez eta santuez», kaputxino abenturazale batena da, baieztatu baino gehiago iradoki eta dei egiten duen eskultore batena. Edorta Kortadi komisarioak azaldu bezala, artista espresionista da Antonio Oteiza (Jorgeren anaia gazteena) eta ikuslearen parte-hartzea bilatzen dute bere obrek.

p044_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

«Nire arte zaletasuna behar batetik sortu zen; 30 urte nituela Venezuela ekialdean nenbilen eta kaputxinoak eskualde hartara iritsi zireneko hirugarren mendeurrena zen. Nolabaiteko oroigarria egin nahi nien, monumentu bat akaso. Eskultore baten bila ibili nintzen, baina ez nuen topatu. Hortaz, buztina eta behar nuen guztia bilatu eta neuk egin nuen».

Pasadizo horrek Antonio Oteiza (Donostia, 1926) nolakoa den erakusten du pixka bat. Fraile kaputxinoa da, maletarik gabeko bidaiaria, eskultore zibil eta erlijiosoa; hala definitu zuen Edorta Kortadi historialari eta arte kritikariak atzo, uztailaren 10era arte bisitatzen ahal den erakusketa antologikoaren inaugurazioan. 200 eskultura bildu dituzte, brontzezko erliebean eginak gehienak eta lurrezkoak, zeramikazkoak eta pinturak ere bai, erlijio sentimenduak transmititzeko eta jendearekin komunikatzeko formatu txikia gutxik bezala baliatu duen sortzailea plazaratzeko.

Solairu batean, gizakien bizitzako hainbat alderdi ageri dira: lana, joko eta kirolak, musika eta bestak, itxaropenak eta porrotak... Zaldun baten irudia dago tartean, erakusketaren sinbolotzat hartu dutena bere izaera abenturazaleagatik; eta eskulturarik zaharrena, 1966ko «Hiru heretikoak». Kortadik aipatu zuenez, garai hartan kubismoaren eragin handiagoa nabari zitzaion artistari; 80ko eta 90eko hamarkadetan, aldiz, irudi espresiboagoak egin zituen, buztinarekin jolastu zen, bukaerei hainbertzeko garrantzirik eman gabe. Izkina batean, lanerako darabiltzan tresnak daude jarrita, eta arreta ematen du hain gauza sinple eta gutxirekin nola izan daitekeen gai hainbertze iradokitzen duten formak sortzeko. Bertze ezaugarri batzuk indarra, dinamismoa eta toki hagitz txikian gai hagitz konplexuak lantzeko gaitasuna dira.

Teoria eta praxia, batera

«Oteizatarrekin, teoria eta praxia batera doaz, eta hori ez da erraza. Bai Antonio bai Jorge gai dira eskuekin egindakoa adierazteko», nabarmendu zuen komisarioak artistak idatzitako liburu artean genbiltzala.

Bertze solairu batean, erlijio sineskerak ikus daitezke, Jesusen, Ama Birjinaren eta santu katolikoen interpretazioak. Bertan, pintura batzuk ere badira, kolorea ematen dutenak.

Erakusketari begiratu eta erliebe pila baten bilduma dela iruditzen zaio Oteizari. «Zergatik hainbeste erliebe? Espazioak direlako, pertsonek erlazioa dutelako bertan eta istorioak konta daitezkeelako. Gauza asko konta daitezke edo gai bat hartu eta horrekin hainbat bertsio egin», argitu zuen. Gernikaren inguruko saila da horren adibide: hogei bat aldiz landu zuen gaia, hainbat interpretaziorekin.

Erakusketa honetako bertze elementu berri bat zeramikazko irudiak dira. Agertu zuenez, ez dira ohikoak. Zeramika irudi bera hainbat aldiz kopiatzeko erabili ohi da, baina jendearekin eta herriarekin duen konpromisoak material honekin sortzera eraman zuen bera. Saltzen diren zeramikazko irudiek ez dute ez bizirik ez ezer izaten; prezio berean eskultura onak egin daitezke, ordea, eta horrek aukera ematen du artea bertzeen zerbitzura jartzeko. Valentziako lantegi batean sail bat egin eta lehenengo asterako eskuetatik kendu zizkioten irudi guztiak.

Donostiarrak gaineratu zuenez, arte sakratua egiten du berak. Bere iritziz, arte honek gizakiaren zerbitzura egon behar du, gaurko gizakiaren zerbitzura, eta hori da bere konpromisoa, errealitatearen hondoraino sartzea eta adieraztea. Arte hau gure herrian hagitz pobrea dela ikusten du eta horrek tristatu egiten du, nahiz eta bere alea jartzen ari delako kontent den.

Bisita osoan aipatu zuen jendeak anaia nagusia, Jorge Oteiza, eta bien arteko desberdintasunez mintzatu zen Antonio. «Bera teorikoa da, abstraktua; ni sentimentalagoa, biziagoa, amultsuagoa». Espresionista ere bai, barruan ahots bat, konbentzimendu bat duelako neurriak handitu eta oihu egiten duena bertzeen bihotzetara iristeko.

ABSTRAKZIOA

Antonio Oteizak adierazi zuenez, obra bat abstraktua bakarrik bada, ez dago eraldaketarik, gizakiak ez du esku hartzen. Zenbat eta abstraktuago, arte gutxiago. Abstrakzioak, artearen eremuan sartzeko, eraldatu egin behar du herriarekin harremana izanez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo