GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Tras el 22-M

«Alkatetza lortzea lehenetsi du Aralarrek»

Jose Mari Telletxea
Bilduren zerrendaburua Beran

Hauteskundetan garaipena lortu bazuen ere, Bilduk ezin izanen du Beran alkatetza hartu, Aralar eta EAJ akordio batera heldu direlako. Lau zinegotzi lortu zituen Bilduk 612 botori esker, eta, Aralarrek, aldiz, beste lau 552rekin. EAJren bi zinegotzien sostenguari esker Aralarrek lortuko du alkatetza.

Beratik kanpo, oso bitxia egiten da Aralarrek eta EAJk Bilduri alkatetza kentzeko akordioa lortu dutela ikustea.

Herritik kanpo eta herrian bertan ere bai. Aralarrek bere burua ezkertiar eta abertzaletzat jotzen du, eta, aldiz, ezkertiarretik hagitz gutxi duen EAJ bezalako alderdi batekin elkartu da. Esaten dutenez ez dute inolako akordiorik lortu, baina EAJk bozak emango dizkio Aralarri alkatetza lortzeko. Egiten dugun irakurketa EAJren helburu bakarra Bilduren aurka egitea dela da. Eraso bat da. EAJkoek ez dute inolako ardurarik nahi Udalean, baina, aldiz, Aralarri boza emanen diote alkatetza lor dezan. Ez dugu ulertzen.

Aralarrekin eta EAJrekin izan duzuen bileretan akordioaren inguruko azalpenik eman al dizuete? Edo, aldiz, azken orduko sorpresa izan da?

Sorpresa handirik ez, izan ere, Aralarrekin joan den astean egon ginenean, argi esan ziguten EAJrekin egon zirela eta jeltzaleek beren bi bozak emango zizkietela. Ondorioz, Aralarrek bere burua alkatetzara aurkeztea erabaki zuen. Horren aitzinean, guk gonbidapena zabaldu genien; hauteskundeetan herri abertzaleagoa eta ezkertiarragoa sortu da Beran, eta, egoera horretan, Bilduk eta Aralarrek Udala elkarrekin gestionatzea proposatu genien, betiere zerrenda bozkatuena errespetatuz, kasu honetan Bildurena. Ez zuten interes handirik erakutsi. Euren jarrera ikusita, alkatetza lortzea zen zuten helburu bakarra.

Aralarri egindako proposamen horretan, ezkerreko ikuspegi abertzale batetik landutako programak eta egitasmoak elkarrekin adostea eskaintzen zen?

Bai, bai. Guk garbi azaldu genien prest ginela elkarrekin programari buruz hitz egiteko, eta, ildo horretan, Berako Udala ikuspuntu ezkertiar eta abertzale batetik kudeatzeko, azken finean bi alderdiok ideologikoki nahiko hurbil baikaude. Baina, aldiz, guk proposatukoari apenas egin zioten kasu. Alkatetza lortzea lehenetsi dute eta kito.

EAJrekin bildu zaretenean erabakiaren gaineko azalpenik eman al dizuete?

Ez, ez digute inolako azalpenik eman. Argi dago egin dutena Bildu erasotzeko egin dutela. Ez dugu beste arrazoirik ikusten, izan ere, ez dute ez ardurarik ez batzordebururik nahi Udalean.

Nafarroa Bairen espiritua aipatu dute akordioa defendatzeko. Baina, aldiz, Beran, Nafarroako beste herrietan gertatu ez bezala, Aralar eta EAJ bakoitza bere aldetik aurkeztu zen hauteskundeetara.

Beste arrazoien faltan zerbait erran behar zuten eta hori erran dute. Baztanen, adibidez, NaBaik Bildurekin elkarlana adostua du alkatetza UPNri kentzeko. Altsasun ere antzeko zerbait gertatzen ari da. Bera kasu berezi eta desberdina da, eta, hala, alderantzizkoa gertatzen ari da. Hauteskundeen aurretik elkartu ez baziren orain zergatik egin duten galdegin diegu, baina ez digute erantzun argirik eman. Lehen ez ziren moldatu eta orain bai?

Berako EAJren erabakia izan da ala Iruñetik iritsitako agindua?

Hori ere galdetu genien eta EAJkoek esan zigutenez beraiek ez dute alderdiko diziplinarik. Iruditzen zaiena egiten dute eta listo.  Martxelo DIAZ

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo