GARA > Idatzia > Kultura

Ramon Saizarbitoriak abiatuko du bere «Hamaika pauso» klasikoaren 12 orduko irakurketa

Bilbo Zaharra Forumek antolatzen duen «Klasikoen IV. irakurraldia» datorren ostegunean egingo da Bilboko Arriaga antzokian. Aurten aukeratutako liburuaren lehen lerroak egileak berak irakurriko ditu.

Ane ARRUTI | BILBO

Laugarren urtez, Bilboko Arriaga antzokian euskara ikasleen jaia ospatuko da datorren ostegunean. Ospakizun honek, ordea, badu kutsu ezberdin bat. «Inbidiaz begiratzen genuen Madrilera `Don Quijote'-ren irakurraldia egiten zutenean», azaldu zuen atzo Pedro Alberdik, ekitaldia antolatzen duen Bilbo Zaharra Euskaltegiko arduradunak, eta modu horretara hasi ziren eurak ere irakurraldiak egiten.

Aurreko edizioetan aukeratutako klasikoak Axularren «Gero» (1643), Mogelen «Peru Abarca» (1802) eta Jon Miranderen «Haur besoetakoa» (1959) izan ziren. Oraingoan, berriz, Ramon Saizarbitoriaren «Hamaika pauso» izango da. «Pentsatu genuen momentu egokia zela bizirik dagoen autore bat aukeratzeko. Egun liburuek urtebeteko bizia izaten dute eta Ramonenak badu klasiko kutsu bat. Eta, egia osoa esateko, guztiz maiteminduta gaude `Hamaika pauso'-rekin», esan zuen Alberdik.

Horiek horrela, datorren ostegunean, hilak 16, Saizarbitoriak berak emango dio hasiera, goizeko zortzietan, hamabi orduz luzatuko den etenik gabeko irakurraldiari. Arriagako atriletik 400 pertsonatik gora pasako direla aurreikusi dute, besteak beste, kultura, gizarte, ekonomia edo politika arloan lanean dabiltzanak. Baina baita urte osoan euskara ikasten dabiltzan ikasleak ere.

Abangoardia

1995ean idatzi zuen Ramon Saizarbitoriak (Donostia, 1944) «Hamaika pauso» eleberria. Bertan ETAko kideen harremanak agertzeaz gain, pasadizo horiei buruzko liburua idazten ari den idazlearen burutazio eta egunerokoak tartekatzen dira. Atzo Arantxa Urretabizkaia idazleak adierazi zuenez, «oso aberatsa da, erpin asko dituena. ETA eta inguruko pertsonaiak nabarmentzen dira, baina niretzat, irakurle moduan, giza harremanak dira nagusi, zentzu zabalenean: gizon eta emakumeen arteko harremanak, maskulinitate zehatz baten kritika egiten du...».

Abangoardiako lana dela adierazi zuen Urretabizkaiak, «oso zorrotza da, gaitasun berezia du artefaktu literarioak sortzeko», gaineratu zuen, baina, bere ustetan, «lan klasiko bat bada denbora pasa eta balioa galtzen ez duena, hori Ramonen obra osoa da», gaineratu zuen. «Berak esan izan du berritzaile etiketa halabeharrez onartzen duela. `Egunero hasten delako'-rekin nahikoa zuen etiketa hori jartzeko. Abangoardiako lana da eta berritzailea, ez euskaraz bakarrik, edozein hizkuntzatan irakurrita ere bai».

MIRANDE

Iaz Jon Miranderen «Haur besoetakoa» liburuaren inguruan egin ziren hitzaldiak transkribatuta liburuxka bat osatu dute. Datorren urterako, berriz, orain Ramon Saizarbitoriaren obraren inguruan antolatu dituzten hitzaldiekin egingo dute liburuxka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo