Euskaltzaindiak arau izaera duen «Euskal Herriko udalen izendegia» osatu du
A. ARRUTI | BILBO
Duela 32 urte kaleratu zuen Euskaltzaindiak bere lehenengo izendegia. Geroztik bi lege garrantzitsu onartu dira, Euskal Autonomi Erkidegoan bata eta Nafarroan bestea, Euskaltzaindia aholkulari ofizial izendatuz. 1998an Euskal Herriko udal izenei arau izaera ematea erabaki zuen akademiak eta atzo aurkeztutako liburuxka da lan horren emaitza.
«Euskal Herriko udalen izendegia» lanak 229 orrialde ditu eta bi kapitulu nagusitan dago banatuta. Lehenengoan, udal izendegi osoa alfabetikoki ematen da, izen bakoitzaren lau informaziorekin: euskal izena, izen ofiziala, herritar izena eta kokatua dagoen lurraldearena. Bigarren kapituluan, udal izenak herrialdeka antolatu dituzte.
Andres Urrutia euskaltzainburuak azaldu zuenez, «hizkuntzaren egunerokotasunean ari garenontzat» baliagarri izan daiteke izendegia, baina baita «euskaldun ororentzat» ere. «Normalizazio eta normalkuntzarako beste pauso bat da», gaineratu zuen.