GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Arantxa Errondosoro Asuncion Klinikako enpresa-batzordea

Osasun pribatuaz, osasun publikoaz

Gutun honen bidez, Asuncion Klinikako (Inviza SA) enpresa-batzordea osatzen dugunok adierazi nahi dugu Tolosako espezializazioez arduratzen den anbulatorioa ixtearen kontra gaudela. Osasun publikoaren erabiltzaile garen neurrian ere, ez dugu Tolosako espezializazio-anbulatorioa ixtea nahi. Era berean, osasuneko langile gisa, ez dugu osasun publikoa pribatizatzea nahi. Inguruko eskualdeetan, Goierri aldean, kasu, ez dute anbulatorioak ixteko beharrik izan. Gure ustez, eskualde-ospitaleak eta anbulatorioak bateragarriak dira.

Bestalde, askotan entzun dugunaren kontra, adierazi nahi dugu itundutako ospitale pribatuko langile garen neurrian, gure lan baldintzak osasun publikoan dituztenenak baino eskasagoak direla eta horrek ez duela sekula eragin artatu ditugun gaixoek jaso duten tratuan. Egia da azken urteotan Asuncion Klinikako langileen baldintzak asko hobetu direla, baina oraindik ez gaude Osakidetzako langileen pare (besteak beste, gure lan-urteak ez dituzte kontuan hartzen Osakidetzako oposaketetan).

Egun, Tolosaldeak bizi duen osasun zerbitzuaren egoera azken urteotako gestioak ekarri du. Politikarien eta enpresarien arteko harreman interesdunak herritarrek jasotzen dugun osasun zerbitzuan eragina izan du. Ea behingoz denok bildu eta ganorazko osasun publikoaren alde egiten dugun, herritarrei merezi duten arreta emango dien anbulatorioak irekita mantenduz, eta orain dugun ospitalea hobetuko duen eskualde-ospitale publiko bat lortuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo