LA INICIATIVA DE LA IZQUIERDA ABERTZALE, EN EL BANQUILLO
Ezker abertzaleak fase berriarekin bat egin dezan eskatu dio Madrili
Maider EIZMENDI | DONOSTIA
«Euskal Herrian ireki den fase politiko berriari Madrilek ematen dion erantzuna da», ezker abertzalearen iritzian, bihar abiatuko den «Bateragune auziaren» epaiketa. Atzo Donostian eskainitako prentsaurrekoan auzipetuen aulkian eseriko diren lau militante agertu ziren: Rafa Diez, Amaia Esnal, Txelui Moreno eta Mañel Serra. Horien ondoan ziren Tasio Erkizia, Niko Moreno, Miren Legorburu eta Aitor Bezares ezker abertzaleko kideak. Guztiek gogoan izan zituzten auzi honi lotuta espetxean dauden beste lau lagunak: Miren Zabaleta, Sonia Jazinto, Arnaldo Otegi eta Arkaitz Rodriguez; horiei agurra bidaliaz abiatu zuten agerraldia.
Legorburu eta Bezaresen hitzetan, epaituko dituzten pertsonek «ardura berezia dute» egun Euskal Herrian ireki den fase politiko berrian, «ekarpen politiko eta teoriko oso garrantzitsuak» egin dituztelako. Ezker abertzalearen baitan izandako hausnarketa eta eztabaida dira fase honen oinarri nagusietakoak, euren esanetan, «edukien aldetik aurrekaririk gabekoa» eta «`Zutik Euskal Herria' ebazpenari bide ematearekin batera, bide politiko eta demokratikoekiko konpromisoarekin gatazkari aterabidea emateko ezker abertzaleak aldebakarreko prozesu demokratikoa abiatzea ahalbideratu» duena.
Apustu irmoa erakutsi du
Agerraldian salatu zutenez, hain zuzen ere, aipatu eztabaida zapuztea izan zen epaiketaren abiapuntua den 2009ko urrian egin zen polizia operazioren helburua. Ordutik, ordea, «ezker abertzaleak bere estrategia aldaketaren dimentsio osoa eta bide politiko eta demokratikoen aldeko apustu irmoa egiten duela erakutsi du», eta horrekin batera, «indarkeria politikoaren inguruan printzipio eta jarrera argia duen proiektu politiko eta antolatzaile berri bat abiarazi du».
Legez kanpoko Batasuna alderdia berrantolatzea leporatuta, militante independentisten aurkako epaiketak «blokeo eta konfrontazioaren espirala hautsi nahi duen» eta «ideia eta proiektuen konfrontazio askean, bakean eta konponbide demokratikoetan oinarrituriko etorkizuna eraikitzeko baldintzak sortzen dituen» apustu politikoa oztopatu nahi du, Legorburu eta Bezaresen hitzetan. Alta, «Euskal Herrian ireki den fase politiko berriari aurre egiteko espainiar sistema politikoaren gaitasun eza da», euren ustean, bihartik aurrera epaitua izango dena.
Epaiketaren testuingurua ere aintzat hartzekoa dela iritzi zioten; hain justu, hainbat herrialdetako dozenaka instituzio, erakunde politiko zein sindikalek eta nazioarte mailan erreferente diren hainbat pertsona ezagunek ezker abertzaleak beste eragile batzuekin batera bultzatutako agertokiari babesa adierazi diotenean abiatuko baita.
Ekarpen eraikitzailea
Erasoak eraso, ezker abertzaleak egindako apustua atzeraezina dela ohartarazi zuten, eta horrenbestez, «jendartearekiko zein nazioarteko komunitatearekiko harturiko konpromisoak ez direla aldatuko».
Estatu espainolari dei egin zioten, «irekitako fase berriarekin bat egin» dezan eta «ekarpen eraikitzaile bat» egin diezaion; «belaunaldi berriek ez dezaten indarkeriarik, errepresiorik, ez eta eskubide urraketarik ezagutu, eta proiektu politikoak inolako baldintzarik gabe eta aukera berdintasunean garatzeko aukera izan dezaten».
Gogora ekarri zuten 2009ko urriko polizia operazioaren ondotik herritarrek eman zuten erantzun zabal eta masiboa. «Jendarteak oso ondo ulertu zuen operazio polizial horren helburua». Euren esanetan, epaiketak egindako apustu politikoaren eta herritarrek parez pare duten aukera historikoaren tamainako erantzuna eskatzen du: «Batasun izaeraduna, urgentziaz konponbide demokratikoak eta aldaketa sakonak eskatzen dituzten herritarrak ordezkatzen dituena izan behar du».
Alde horretatik, txalotu egin zituzten azken egunotan sortu diren epaiketaren aurka sortu diren ekimenak, erantzun hori hezurmamitzen dutenak, eta datozen egunetako deialdiekin bat egitera deitu zituzten herritarrak: Batetik bihar, epaiketaren hasierarekin bat, Eleak mugimenduak deituta, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean egingo diren manifestazioekin eta asteartetik larunbatera Donostian egingo den mobilizazio iraunkorrarekin; bestetik, «Epaiketa politikorik ez. Aterabideak aurrera» leloarekin datorren larunbatean, 17.30ean, Antiguako tuneletik abiatuta, egingo den nazio manifestazioarekin.
2009ko urrian egin ziren atxiloketen ondotik euskal gizarteak erantzun zabala eta masiboa eman zuela gogora ekarri zuten. Epaiketari ere herritarrek parez pare duten aukera historikoaren tamainako erantzuna eman behar diotela adierazi zuten.