GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Zentzumenik ez, sena ote?

Martxan geratzen zitzaien azken zentzumena dute orain galdu beheko Estatuko gortean, etenik ez duen galbidean. Bostean bostak, eta seigarrena balego hori ere, gal. Ikusmena izan zuten galtzen lehena, iparraren eguraldi-mapa aurreikusteko gai ez zirelako izan, radarra eta guztiz. Entzumena galdu zuten gero, iparrean olatu handia izango zela igartzen zutenei jaramon egin ez zietelako. Usaimena izan zuten galeren segidan hurrena, hainbeste urte erreinuaren hatsetan ibilita sudurrek berak, aurpegiko plazan samindu batean bilduta, nahikoa da! esan zietelako. Ukimenaren txanda heldu zitzaien gero, zuzperraldiaren kimu berdeak ez baitziren inoren hatzek ukitzeko modukoak. Eta orain azkena. Dastamena galdu dute. Egun batean bai eta hurrengoan ere, aspergarri, ari baitira esaka ez dutela gustuko Gipuzkoan gauzatu berri dena. Mihi-harian bide dute horiek arazoa, urte dexente mihia dantzan izan ostean. Tira, goian beude, Estatuaren zentzumenok!

Hemen ere bada mihia dantzan izatea gustagarri duenik. Horra, kasuko, jelkideen azkena, eurek oposiziotik aginduko dutela Gipuzkoan Lakuan dagoeneko egin legez. Tira, legez, legez... ez dute legez agintzen. Ene! Gauza bat da esatea irudimena agintari! eta beste bat, oso bestelakoa, pentsatzea «agintaria naizela iruditzen zait». Eskumen-xortatxo bat, iraungitze-data luzez igarota (usoak pasa, sarea heda), hona ekarri izanari agintzea esatea larregi da, are gehiago eskumenak ekarrita ere eskuduntzak hantxe sustraituta segitzen duenean; legez. Dena dela, gobernatzea oposiziotik egiten bada, badakite zer egin behar duten hurrengo boto-orduan ere, oposizioa hartu eta segi aurrera.

Ajuria Eneko maizterraren aldaketak turisten stocka handitu zuela esaten badute, berdin aitortu beharko lukete oraingoan Gipuzkoako maizterraren aldaketak ekarri duela antxoaren stockak dexente gora egin izana. Tira, udan udakoa, ikastaroak nonahi. Arkauten ere, horra! eliteko tiratzaileak trebatzeko ikastaroa izan dute han, suediar batek emanda edo. Pentsatzen nago tiro-tiratzaileak trebatzeko izango zela. Horiek ere, usoak joan sareak heda. Bestetik, benemeritak gobernuz kanpoko erakunde bat abiatu duela leitu dut nonbait. Hau kolpea! mugarik gabeko trikornioak!. Hobe litzateke, alde handiz, trikorniorik gabeko mugak... eta buruak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo