GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Xanti Begiristain Madotz Iruñea

Barcina eta Santamaria bortitzak

Jendartera, astapotro eta astakirtenen moduan sartzen diren bakarrak, udaltzainak eta beren konplizeak dira, zakur amorratuak baino okerrago

Asteazkenean berriz ere ikusi nituen iazko txupinazoko istiluei buruzko bideoak, ikurrin erraldoi bat Udaletxe plazan sartzea lortu zutelako. Hasteko, nik ez dut uste bideo horiek manipulatuta daudenik, eta, haietan beraietan nabarmenki ikusten dena da, udaltzainek eta kaleko jantzia duten beste gizonezko batzuek, kapela gorriz kamuflatuta daudenek, nola praktikatzen duten indarkeria batere lotsarik gabe, bultzaka eta borraz joaz jaietan diren milaka pertsona eta grabatzen ari diren hamaika kameraren aurrean, eta, horrek dakartzan arrisku guztiekin. Irudi horiek ez dute engainatzen, ez dute gezurrik esaten. Jendartera, astapotro eta astakirtenen moduan sartzen diren bakarrak, udaltzainak eta beren konplizeak dira, zakur amorratuak baino okerrago.

Hortaz, burua pixka bat erabiliz honako hauxe ikusten dugu: nor da udaltzainen eta beren konplizeen erantzule nagusia? Simon Santamaria Cebada Iruñeko udaltzainburu jauna. Eta nor dago Santamaria jaunaren gainetik? Yolanda Barcina Angulo, garai hartan Iruñeko alkate andrea. Beraz, nor dira udaltzainen praktika bortitz horien erantzuleak, azken batean? Ba, beren arduradunak, hau da, Barcina eta Santamaria jaun-andreak. Ondorioz, esan daiteke, jaun-andre hauek bortitzak eta indarkeriazaleak direla. Beraiek ez zuten hatz bakar bat ere mugitu, baina agindu zorrotzak eman zituzten, gertatu zena gerta zedin. Bai, oso indarkeria eta bortxakeria sofistikatuak praktikatzen dituzte, alajaina! Jotzaileak eta agindu emaileak santuak omen dira, eta jipoiak hartutakoak, berriz, gaizkileak eta deabruak. Oso demokrazia ederra batzuentzat, bai jaun-andreok!

Azken kontu batzuk: epaitutako gazteek UPNkoei oso ongi galdetu dieten bezala, esan dezatela non dagoen ikurrina erakustea debekatzen duen legea edo agindua. Ikurrina bandera konstituzionala da, erabat legezkoa Euskal Autonomia Erkidegoan, eta Iruñeko udaletxeko balkoian ere behin baino gehiagotan egon da zintzilik, modu normalizatuan, bere garaian. Badakigu Barcinak eta Santamariak gorroto digutela euskaldunoi (gauza bitxia, inondik ere, Barcina andrea Burgosen jaioa izanda, bere ama Portugaletekoa, eta, gainera, azken hau, Joxe Migel Barandiaranen ahaidea omen!), baina gorroto horrek ez die eskubiderik ematen beraiek nahi duten bezala jokatzeko. Sanferminetan, mundu zabaleko makina bat bandera ikusten dira Iruñeko udal plazan eta beste nonahi, Aragoi, Errioxa, Burgos, Kantabria, Txile, Venezuela, Katalunia, Andaluzia, Japoniakoa eta abar. Zergatik ez diete egiten maila bereko erasorik? Normal ikusiko al lukete Barcinak eta Santamariak Bilbo, Donostia, Gasteiz, Baiona, Donibane Garazi edota Mauleko jaietan, bertako poliziak indarkeria praktikatzea, Nafarroa Garaiko bandera ateratzen delako?

Ez, horrelakorik ezin da sartu buru osasuntsu batean!

Bukatzeko, hiru gogoeta. Lehendabizikoa: aintzakotzat hartu behar da ikurrina Nafarroa Garaiko jende askok oso estimatua duela. Bigarrena: iazko istiluetan, PSNk sostengua eman ziola UPNri. Eta hirugarrena: joan den urtean, udal plazan inork delituren bat egin izan balu ere, Udaltzaingoak ezin al zuen jokatu modu zibilizatu batez? Inork debekatzen al die?

Gora, ba, agintari «baketsu» berri horiek!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo