Berria, Santi Leone 2011/7/21
'Votre nez est long'
Cyrano de Bergerac filmeko pasarte polit batean, «votre nez est long» botatzen dio morroi batek Cyranori, hori haserrearazteko asmoz. Eta koleratu, biziki koleratuko da Cyrano, baina ez irainagatik, horren originaltasun faltagatik baizik. (...)
Nafarroako Alderdi Sozialistak UPNri eman dizkio lehendakaritza eta Iruñeko alkatetza. Hori bagenekien. Edo, tira, susmo sendoa genuen hori gertatuko zela. Roberto Jimenez PSNko presidenteak argudiatu zuen ez zuela Bilduren bozkarik onartuko. Hori ere bagenekien, erran nahi baita, aitzakia horixe izanen zela argi samar zegoen. Baina, Cyranok bezala, nik originaltasun handiagoa espero nuen irainean. Ez dakit, bada. Bertzelako arrazoiak. Landuxeagoak.
Errate baterako, motibo oniriko bat: «Pablo Iglesias ametsetan agertu zait, boterea UPNri emateko agintzeko, benetako sozialismoa ordezkatzen duen alderdia dela azalduta». Zuzentasun politikotik ere bazuen jotzerik Jimenezek: «Yolanda Barcina Nafarroako presidente izendatuta, berdintasunaren alde eginen dugu (emazteki baita), eta xenofobiaren aurka (Burgoskoa baita)». Egiantzekotasuna ere hortxe zuen, eskuar: «Hau guztia aspalditik erabaki zuten Pepiño Blancoren eta Miguel Sanzen artean. Istorio honetan, ni ez naiz hirugarren mailako txotxongilo bat baizik».
Barcinak, ordea, bere gehiegikeriak zuritze aldera, trebetasun handia dauka argudio sinesgaitzenak ere bilatzeko. Normala da PSNk boterea hari eman izana: bi alderdiek lotsa dute falta, baina gure Yolanda da ideiak dituen bakarra.