Coyos euskaltzain osoak Zuberoa «triglosian» bizi dela esan zuen sarrera hitzaldian
GARA | MAULE
Jean-Baptiste «Battittu» Coyos euskaltzain osoak sarrera hitzaldia egin zuen atzo Mauleko Maule Baitha zinemagelan. Michel Etchebeste auzapezak egin zuen aurkezpena eta, horren ondotik, Andres Urrutia euskaltzainburuak hartu zuen hitza. Batak zein besteak euskararen ofizialtasuna aldarrikatu zuten.
Coyosek euskararen dikotomiari buruz hitz egin zuen kargua hartzeko eginiko mintzaldian; hain zuzen, euskaldun berria/euskaldun zaharra, batetik, eta euskalkiak/euskara batua, bestetik. Lehenengoari dagokionez, batzuek zein besteek pairatzen dituzten sufrimenduez aritu zen, lotsaz eta gabeziez. Bestetik, Zuberoan ere gurasoek seme-alabei euskara transmititu ez izanaren arrazoia ikertu behar dela esan zuen. «Amak bere mintzaira haurrei ez ematea euskaldun berri/zahar dikotomia horri guztiz loturik dago. Amaren mintzairaren transmisio faltak edo transmisio eskasa da dikotomiaren egilea».
Bestetik, euskara batuaren beharra defendatu zuen Battittu Coyosek. «Tresna bat da elkar konprenitzeko, euskaldunek moldatzen dutena beren euskalkiaren arabera, bat baldin badute, solaskidearen, testuinguruaren arabera. Hautua sinplea da, euskara batua ala euskararik ez», esan zuen.
Zuberoaren egoeraren inguruan triglosia nabarmendu zuen. Izan ere, zubererari lehenik frantsesa gailendu zitzaion eta gaur egun batua ari da sendotzen bertako hizkeren ondoan. «Berri txarra dela hori? Nire ustez, ez, frantsesak hartu zuen lekua hartzen baitu, eta hari esker beste euskaldunekin euskaraz elesta gaitezke».