GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Itsasoaren hiriaren ate irekitzea

Itsasoaren mundu ezezagun eta anitzek lur hartu dute Biarritzen

lbarritzeko gazteluaren iraganeko irudi baketsuari egungo puntako teknologiak biltzen dituen Itsaso eta Surfaren Hiria gehitu zaizkio. Uhin itxura daukan lau mila metro karratuko eraikin horrekin, eta, Itsas Museoaren eremua handitzearekin Biarritz «itsasoaren hiri» nagusia bilakatu nahi izan dute. I

p022_f03.jpg

Ainize BUTRON BIARRITZ

Biarritz, hiri bezala, baina baita bere historian itsasoarekin izan duen lotura estua handizki goraipatu nahi izan dute atzo zabalduriko Itsasoaren Hiria egitasmoarekin. Bi gune berezietan, itsasoaren irudi anitzak ezagutzeko aukera emanen diete gaurtik goiti Biarritzera hurbiltzen diren guztiei.

Izan ere, atzo, 600 bat gonbidatu bereziz inguraturik zabaldu zituen Didier Borotra herriko auzapezak azken urteotan Biarrizko gaurkotasuna markatu duten bi egitasmo erraldoi horiek: Itsas Museoaren handitzea, eta, Ilbarritzen kokatua dagoen Itsaso eta Surfaren Hiria.

Biarrizko Portu zaharrean kokatua dagoen Itsas Museoak «itsasoaren hiri» horren lehen atea zabaltzen dio ikusleari, mundu urperatu horretan bizi diren arrainak miresteko aukera emanez.

Zazpi akuarioren bidez, Euskal Herriko bazterrak zeharkatzen dituen itsas ondoko Gulf Stream korronteak ukitzen dituen txokoetan barrena bidaiatzeko aukera ematen du. Gaskoiniako Golkoarekin hasiz, Karibeko, Ozeano Bareko eta Indonesiako arrainak ikus daitezke akuarioz akuario.

Izan ere, atzo arte Biarrizko Itsas Museoa ospetsu egiten zuten fokei marrazoak gehitu dizkiete. 1.500 metro kubiko dituen akuarioak bederatzi marrazo gris eta lau mailu-marrazo biltzen ditu, atzoko inauguraziora hurbildu ziren ehunka lagunen lilura eragin zutenak. «Akuario bakoitzak biotopo ezberdin bat ordezkatzen du. Akuario bat baratze handi baten gisakoa da, denboraren poderioz bilakaera dauka», goraipatu zuen Françoise Pautrizel Itsas Museoko zuzendariak.

Hamabi unibertso

Gulf Streamaren berezitasunei ateak zabaltzen dizkion Itsas Museoaren ondotik, Ilbarritzeko jauregitik hurbil kokatu duten gunea, Itsaso eta Surfaren Hiria, bisitatzeko aukera izan zen atzo.

Itsasoak lur hartu nahian, tsunami baten antzera, 4.000 bat metro karratuko zabalera eta hamahiru metroko altuera dituen uhin erraldoi bat lekutu da bertan. Erdi lurperatuta, uhina Ilbarritzeko bi arkaitzetarantz zabaltzen da.

«Itsasaldiak, korronteak, itsas tenperatura, atmosferarekiko elkarreragina, materia organikoaren ekoizpena, itsasoa ez da bakarrik ur gaziko masa erraldoi bat», nabarmendu zuten atzo proiektuaren egileek.

Itsasoaren mundu interaktiboa eraikitzea izan da Itsaso eta Surfaren Hiri hori egiteko orduan landu diren prinzipio nagusiak.

Mundu birtualak gaur egun eskaintzen dituen forma guztiak biltzen ditu museoak: hiru dimentsioko erliebeak, errealitate handitua eta, besteak beste, bolumenean eginiko proiekzioak. XXI.mendeko museoaren itxura aurrerakoia eman nahi izan diote egileek.

«Hiri horrek bere garaian finkatzen du bere burua. Baina, gaur egun ditugun mundu birtualaren teknikak baino harago doa. Berrikuntza batzuk landu ditugu beretzat», argitu zuen Franck Marshal eszenografiaren egileak.

Hamabi unibertso zabalduko zaizkie, beraz, bertan sartzen diren guztiei. Irakasle baten irudiarekin, itsasoaren bizia, historia eta mundua ikustera ematen duten hamabi unibertso horiek ezagutarazten dituzte.

Itsasoaren sorrerarekin hasiz, satelite baten bidez hiru dimentsiotan pelikula bat proiektaturik ikusten da, bost etapatan sorrera horren berri emanez.

Bigarren unibertsoak itsasoaren gorputzean barnatzen ditu ikusleak. Urpeko ontzi batean sartuta, itsas hondo zabala bisitatzera eramaten ditu. Gune interaktibo horretan telebista plasmak aktibatu, itsas hondoen esploratzailea gidatu eta hiru dimentsioko irudiak aztertzeko aukera dago.

Gune berean, batiscafe batean sartuta bisitariek Capbretoneko Golkoan bidaiatzeko aukera izanen dute.

Itsasoaren eguneroko jarduna, hau da, itsasaldiak, korronteak eta uhinak aztertzen ditu hirugarren unibertsoak. Beti ere elkarreragina baliatuz, mundu birtual batean bisitariak itsasoaren handitasuna eta bere funtzionamendua ikusten ahal ditu. Surfaren munduan ere barneratu ahalko da bisitaria; hodi handi batean sartuta uhina barnetik ikusiko du.

Ingurumena

Beste unibertsoetan, ekaitzek sortzen dituzten aldaketak, itsasoaren inguruko mito eta kondairak, itsasoaren munduaren bilakaera, uraren bidez eraikitzen diren energia berriztagarriak eta, azkenik, itsasoa bizileku gisa dira, hiru dimentsioko pelikula eta irudi interaktiboen bidez itsasoa omendu nahi duen hiriak azaltzen dituenak.

Azkenik, «Ozeanoa, klima eta gu» izenburuko erakusketarekin bukatuko du bisita ikusleak.

Gune guztiak hiru hizkuntzatan, hots, frantsesez, espainolez eta ingelesez entzuteko eta irakurtzeko aukera izanen dute bisitariek.

Itsasoa omendu nahi duen Itsaso eta Surfaren Hiriak museo bat baino harago izan nahi duela goraipatu zuten egileek. Informazio zientifikoak eta kulturalak bildu nahi izan dituzte bertan. «Itsasoari egin nahi izan diogun omenaldia da hiri honen ildo nagusia. Sortzen da, gorpuzten da bere erritmoekin eta haserraldiekin. Errespetatu behar den gizaki bizidun bat da, ahuleziak ere baditu-eta. Mezu hori da Itsaso eta Surfaren Hiri honetan zabaldu nahi duguna», nabarmendu zuen, bestalde, Philippe Vidal erakusketaren egileak.

Heldu zein umeek, askok oraindik ezagutzen ez duten itsasoaren mundu ilunetik bidaiatzeko aukera izanen dute gaurtik aitzina ateak zabalik izango dituen hiri horretan.

Ilbarritzeko gazteluak itsas bazterrean erakusten duen iraganeko munduaren itxura baketsuari, irudiz eta soinuz beteriko egungo unibertsoa lotzen zaio horrela. Aisialdiarena ez da Itsaso eta Surfaren Hiriaren helburu bakarra. Irudi eta film proiekzio anitz horien gibelean zientifikoentzako ikerketa gunea izanen da ere. Itsasoaren inguruko arazo nagusiak aztertzeko ikerketa zientifikoa egiten duten laborategien kokagunea izatea nahi dute.

Dagoeneko kostaldeko arriskuen inguruko Europako zentroa finkatu da bertan, eta, 2011. urtearen bukaeran gai horri buruzko nazioarteko jardunaldiak antolatuko dituzte.

Horiekin batera, Ifremereko laborategiekin, itsas bazterreko zentro teknikoa, edo CASAGEC bezalako egiturekin heziketa ekintza eta prestakuntza programa ezberdinak finkatu dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo