GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Kode alkoholikoak deszifratzen

Zer den ikerketa on bat. Ez naiz film estatubatuar horietako fantasiez ari, benetako polizia ikerketez baizik. Lehengoan «Bateragune auziko» epaiketan deklaratu zuten poliziek jakinarazi zutenez, ETAk bere militanteei aginduak helarazteko sistema ezin sofistikatuagoa du. Sinple baina eragingarria eta, batez ere, segurua: kartzelan dagoen kide bati helaraziko dizkiote aginduak eta hark gainerako kideei.

ETAko jendea azkarra da. Izan ere, irudimen handia behar da Bakioko militante bati txakoli ezizena jartzeko. Buru maltzur baina argi bati baino ezin zaio bururatu. Niri ez, behintzat, eta ez naiz guztiz ergela, baina sekula ez nituzke horrelako kodeak edirengo polizia espainiarren ikerketaren laguntzarik gabe. ETAkoak azkarrak dira, baina poliziak azkarragoak.

Tira, txantxak alde batera utzita, gaitzizen horiek ez dira batere originalak. Are okerrago, ez dut uste txakoli hitza zuzena denik, ez euskaraz ez gaztelaniaz. «Txakolin» beharko luke (chacolí gaztelaniaz), eta onartezina da, uste dudanez, Ibon Arbulu euskal filologoa izanda. Jose Luis Elkorori Lanciego esateari dagokionez, ez dakit, ba, Bergaran ere badago ardoa, Arabako ardora jo behar izan gabe. Bestela, polizia lagunok, ez al zaizue bururatu kategoria handiagoko ardoa erabili izanak Lanciego gaizkileen buruetakoa dela esan nahi duela?

Hala ere, ondo pentsatuta, eta hau guztia txorakeria galanta dela aitortuta, a zer iskanbila sor zitekeen Ibon txakoliri Montilla eta Jose Luis Lanciegori Cariñena ezizenak jarri izan balizkiete. Edo, aitzitik, Europako kultur hiriburua ETAren aginduetara hautatu dutenez -denok dakigu hori (denok: zenbatzailea, Iturgaiz eta iturgaizkeriak argitaratu zaleak)-, beharbada Kordoba edo Zaragoza hautatuko zuketen, eta Espainia aldeko espiritu aberkoi horrek bakea emango luke.

Gaurko zerrenda honek ez du ez buru ez hankarik, badakit; hala ere, uste osoa dut Madrilen zortzi militante abertzaleren aurka egiten ari diren epaiketaren isla zehatz samarra dela.

Donostia zentzugabekeria zitalaren aurkako hiriburua izango da gaur, euskal herritar gehienek hautatuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo