Floren Aoiz www.elomendia.com
Morroia, ez arerioa
Bi dira estatu mailan ezkerreko ildoaren oinarri nagusiak, ekonomia eta estatu eredua. Bietan, gaur egun, ezinezkoa da PP eta PSOE bereiztea. Hau gainditzen ez baldin bada, ezinezkoa izanen du PSOEk PPren alternatiba gisa agertzea
Kultura mailako europar hiriburuaren aferak espainiar politikagintzaren mamuak agerrarazi ditu, berriz ere. Alferrikakoa litzateke eskuin eta ezker bereizteko oinarririk bilatzea. Norgehiagoka ibili dira PSOE eta PPkoak astakeria lehiaketan, egoera irensteko ezintasuna nabarmenduz. Oro har, betiko eskuinaren mezu, ideia eta helburuen araberako ikuspegia nagusitu da, noiz eta PSOEk eta PRISAk sozialdemokraziaren irudia berreskuratu nahi dutelarik, olatu urdinaren aurrean. Zalantzarik baldin bazegoen, Bellochek eta Rosa Aguilarrek erakutsi digute zer den gaur egungo PSOE eta noraino iristen den alderdi honen usteltze ideologiko eta politikoa.
Egia esan, auzi honekin gertatutakoa aspaldiko joeraren berrespena da. Hau da, finean, PSOE amildegira eraman duen estrategia. Ildo propioa gauzatu beharrean, beste batzuen menpe jarri dira, eta orain, beste horiek ahulezia hau baliatzen dute beren nagusitasuna ezartzeko. Gobernuan egon gabe gobernuaren jarduera baldintzatu dute, gobernura iristeko bidea prestatuz. Non gelditu dira Zapateroren hitzak? Non estatu eredua egokitzeko agindua? Non dago estatuaren aniztasuna aitortzeko borondatea?
Shock doktrina gauzatuz, neurri neoliberal erasokorrak hartu ditu Zapateroren gobernuak, herritarrak kolpatuz. Espainiartasunaren defentsa atzerakoia bereganatu du PSOEk, aldaketaren ilusioa urrunduz. Hau da errealitatea, eta profil ezberdina izateko aukera guziak baztertzen dituztelarik, nekez lortuko dute PPren aurreko alternatiba ezkertiarraren irudia hartzea.
Eta ez dugu oraingoz Nafarroan egin duten azken ergelkeriaz hitz egin! Erori ote zitekeen beherago? Zaila da UPNrekiko menpekotasun handiagorik irudikatzea! Edonola ere, PSOEk gertu ikusten du amildegia, Rubalcabarengan jarri baitute itxaropena. Rubalcaba mamu handia da PPkoentzako, baina nekez aurkituko genuke PPkoen nagusitasuna erraztu duen politikaren arduradun handiagorik. Izan ere, Rubalcabak ordezkatzen du PPren menpeko estrategia. PSOE eskulotuta utzi duena.
Ildo aldaketaren ordez, irudizko polemika lehenetsi dute. Horretarako, Rubalcaba ona da. Polemika bilatzen badaki, eskuina- ren lana egiten badu ere, eskuinarekiko lehia bilatuz. Probokatzaile aditua dugu, ados. Baina, ahuleziaren ondorioa da Rubalcabaren protagonismoa. Amildegi ertzeko sindromearen fruitua. Azken uneko defentsa. Askotan izan du PSOEk Rubalcaba lehen mailan kokatzeko parada, baina ez du egin orain arte, esanguratsuki. Gauzak honela, espero al daiteke zerbait hondamendira doan alderdi honen aldetik? Izanen da egoerari erantzuteko gai? Gaindituko du PPrekiko menpekotasuna?
Bi dira estatu mailan ezkerreko ildoaren oinarri nagusiak, ekonomia eta estatu eredua. Bietan, gaur egun, ezinezkoa da PP eta PSOE bereiztea. Hau gainditzen ez baldin bada, ezinezkoa izanen du PSOEk PPren alternatiba gisa agertzea.
Ikusiko dugu, baina, aldaketarik atzematen ez den bitartean, PSOE alderdia eskuinaren morroi nagusia da, ez eskuinaren arerioa. Izan ere, ez dago eskuinaren menpeko ezkerrik!