GARA > Idatzia > Kirolak> Arrauna

Gaur hasiko da Camargon Euskotren Ligaren hirugarren ekitaldia

Errotik egindako aldaketak, hazten jarraitu ahal izateko

Zazpi traineruk hartuko dute parte, aurrenekoz arraun elkarteak beren izenpean lehiatu ahal izango dira eta titulua bi jardunalditara erabakiko da Zarautzen.

p024_f01.jpg

Asier AIESTARAN

Gorabeheraz betetako lehen bi ekitaldiak aztertu eta horietan ikasitako lezioa gogoan hartuta, gaur hasiko da Camargoko uretan Euskotren Ligako hirugarren ekitaldia. Lehiaketaren nondik norakoak erabat aldatu badituzte ere, helburuak bere horretan dirau: emakumeen artean arrauna bultzatzeko balioko duen traineru lehiaketa ahalik eta ikusgarriena antolatzea.

Horretarako, bi berrikuntza nagusi egin dituzte aurtengo ligaren araudian. Batetik, selekzioez gain, arraun elkarteek ere parte hartzeko aukera izango dute. Bestetik, irabazlea sailkapen nagusiaren arabera erabaki ordez, titulua bi jardunaldira jokatuko da. Hala, traineruak bi multzotan banatuko dituzte eta bakoitzeko bi onenek Zarauzko bi estropadetan -txapela jokoan dagoela- arraun egiteko txartela eskuratuko dute.

Guztira, lehiaketan zazpi traineruk hartuko dutenez parte, multzoak apur bat desorekatuta gelditu dira. A multzoa Galiziak, Oriok eta Zumaiak osatuko dute; B multzoa, berriz, Bizkaiak, Getaria-Tolosak, Hondarribiak eta Pasai Donibanek. Multzo bakoitzean hiru estropada jokatuko dira Zarauzko hitzordua baino lehen.

Denentzako aukera

Lehen urte hauetan, emakumezkoen traineru lehiaketak antolatzeko arazo handiena taldeek gutxieneko neska kopurua biltzerik ez zutela lortzen izan da. Alabaina, pixkanaka-pixkanaka emakumezkoen trainerua osatzea lortu duten arraun elkarteen kopurua hazi egin da, Gipuzkoan batez ere, eta horrek ahalbidetu du orain arte erabiltzen zen lau selekzioren arteko formatua atzean uztea.

«Alde ona zera da, orain denok ligan parte hartzeko aukera izango dugula. Alde horretatik ongi iruditzen zait, bakoitzak bere maila erakusteko aukera izango duelako. Arriskutsuena, berriz, zera izango da, multzo bakoitzeko aurreneko biak sailkatzen direnez, eta sailkapen orokorrik ez dagoenez, traineru batzuk apur bat erlaxatu egin daitezkeela, bi onenetan egotea ziurtatu dutelako edo aukerarik gabe geratu direlako. Dena Zarautzen erabakiko da», onartu digu Javier Isastik, Angel Larrañagarekin batera Getaria-Tolosa taldeko entrenatzaile denak.

Izan ere, garaipena lortzeko faborito nagusiak Getaria-Tolosa eta Galiziako selekzioak izango dira. Gipuzkoarrek etxeko estropada gehienak irabazi izan dituzte azken urteotan -azkena, aurreko astean Gipuzkoako Ligako lehen jardunaldian-, eta Galiziaren aurka borroka estuak izan dituzte gainerakoetan, Euskotren Ligako probak eta Kontxako Estropadak kasu.

«Galiziak iaz erakutsi zuen zertarako gai den, bai ligan azken unean, baita Kontxan ere. Aurten ere hor egongo da, zalantzarik gabe. Besteen artean, esango nuke Zumaiak eta Pasai Donibanek maila dezente hobetu dutela aurreko urtearekin alderatuta. Guk ere zerbait gora egin dugula esango nuke, azkenean lehiaketa denentzat estutzen delako. Lau horiek ikusten ditut indartsuen, nahiz eta denboraldia aurrera joan ahala izango diren gorabeherak», iragarri du Javier Isastik talde indartsuenez galdetu diogunean.

Irakurleak ideia bat egin dezan, eta estropada batetik bestera egon daitezkeen aldaketak jakinda, aurreko larunbatean 22 segundo sartu zizkion Getaria-Tolosak Pasai Donibane bigarren sailkatuari. Zumaiak 24ra amaitu zuen, Bizkaiko selekzioak 35era eta Oriok 56ra. Hondarribiak ez zuen parte hartu.

Denboraldi luzea

Azken urteetako lanaren beste fruituetako bat emakumezkoentzat ere traineru denboraldi osoago bat antolatzea izan da. Gaur hasiko den Euskotren Ligaren egutegia zortzi jardunaldik osatzen dute, nahiz eta talde bakoitzak bost estropada jokatuko dituen gehienez. Gipuzkoako Ligan ere beste sei jardunaldi badaude. Eta irailean Kontxa iritsiko da, sailkapen estropada eta banderaren lehiarekin.

«Aurreko astetik hasita, gutxi gorabehera 15-16 estropada izango ditugu. Astero-astero, lehiaketa batekoa ez bada bestekoa, estropadaren bat izango dugu», dio Isastik, horrek traineruko lanari ematen dion dimentsioaren jakitun.

«Gu aurtengo neguan tarteka bildu egiten ginen trainerua ere lantzeko. Nahiz eta neskak bateletan aritu, astean behin-edo ahal genuenok bildu egiten ginen traineru entrenamendu bat egiteko. Nahiz eta neska guztiak ez etorri, garrantzitsua da kontaktu hori ez galtzea, gure kasuan are gehiago, tolosarren eta getariarren arteko taldea garelako. Trainerilla garaian ere antzera jarraitu genuen, eta behin Aste Santu ingurutik aurrera traineruan zentratzen joan gara», argitu digu.

Emakumezkoen estropadetan ohikoa den moduan -aurten txanda bakarrekoak-, proba guztiak bi luze eta ziaboga bakarrera jokatuko dituzte eta bete beharreko distantzia milia eta erdikoa izango da (2.778 metro).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo