Jaiak | Mungia
«Jaiek etorkizuna dute; eskaintza eta parte hartzea handituz doaz»
Manex ALTUNA |
San Pedro jaietako azken asteburua ospatzen ari dira Mungian. Gaur gauean Sorkun eta Zea Mays arituko dira txosnagunean, eta bihar Sukalki Egunarekin agurtuko dituzte festak. Jaietako egunik bereziena dugu azken hau, herritarren parte hartzea beste ekimen guztietan baino nabarmenagoa izaten baita. Horrelako ekimenak antolatzen dihardute Ingule Gazte Asanbladako ordezkariek ere; atzoko Gazte Egun jendetsua horren adibide.
Aurtengo jaietan ere Gazte Eguna antolatu duzue, egitarau ofizialetik kanpo. Txosna ere jartzen duzue festetan; esan daiteke nolabait Ingule Gazte Asanbladaren zenbait ekimen egonkortu direla?
Ane Madariaga: Esan daiteke urteak aurrera joan diren heinean Gazte Asanbladak herritarren errespetua lortu duela herrian, eta herriko eragileen artean gazteen erreferente bilakatu dela. Hori batez ere gazteentzako benetako alternatiba diren ekimenak antolatu ditugu- lako gertatu da.
Aurreko urtean kantu bat egin zenuten gaztetxe baten aldeko kanpainaren barruan, zein egoeratan dago une honetan?
Beñat Barainka: Une honetan kanpaina hori geldirik dago; alde batetik, ez genuelako ikusi herriko gazteen aldetik ez babesik ez laguntzarik, eta horrela gertatzen denean ez dago gauzak lortzerik; eta bestetik, kanpainaren amaieran gazte asanbladak beheraldi bizi izan zuelako. Hori dela-eta, beste kanpaina bat jarri genuen martxan gazte mugimendua suspertzeko.
San Pedro jaiez gain, Inguleren helburua urtean zehar ere ekimenak antolatzea da, zein asmo duzue aurrera begira?
A.M.: Esan bezala, Gazte Asanblada suspertzeko jarri genuen kanpainaren amaieran gaude, beraz, zehazteko daukagu zer egingo dugun aurrera begira. Kanpainan ezarritako helburuak bete ditugu eta gazte mugimendua suspertzea lortu dugula uste dugu. Orain egoera berria gazteen artean aztertuko dugu eta ekimen berriak jarriko ditugu martxan. Hala ere, urtero antolatzen ditugun ekintzekin aurrera jarraituko dugu. Hor ditugu, Futbito Txapelketa, Gazte Eguna eta «Armiarmatu zaitez» eguna adibidez. Azken kasu honetan, aurten bost urte beteko ditu eta zerbait berezia egitea da gure asmoa.
Zelan ikusten duzue Mungiako jaien egoera?
B.B.: Azken urteetan gazteriaren balioak eta aisialdirako joerak asko aldatu dira; horrek jaietan ere eragina izan du eta asko nabaritzen da. Konpartsak galdu egin dira, parte hartzea eskasagoa da... baina azken urteetan pixkanaka-pixkanaka gauza batzuk aldatzen ari dira eta esan daiteke parte hartzea handitzen doala, batez ere txosna batzordeak egindako lanari esker. Duela lau urte txosna batzordeko kideek, jaien egoera zein zen ikusita, egitaraua handitzea eta hobetzea erabaki zuten. Horrela, azken urte hauetan ekimen parte-hartzaileagoa eta eskaintza handiagoa izan dugu. Beraz, jaiek badute etorkizuna, baina lana ez da erraza, Udalaren eskua hor baitago.
Zer nolakoa da Udalak Ingule Gazte Asanbladarekiko duen jarrera?
B.B.: Hainbat izan dira Inguleren sorreratik Udalarekin izan ditugun bilerak gaztelekuaren kontura, eta urte batzuk geroago, proiektuak porrot egin zuenean. Jaien inguruan edo txosnagunearen kontura ordea, ez dituzte gure proposamenak inoiz ere aintzat hartu, eta gainera gauzak antolatzeko zein txosna jartzeko beti jarri dizkigute trabak.
Aurten txosnagunean aldaketa izan da, eremua txikitu egin baita. Dirudienez, hurrengo urteei begira, Udala tokiz aldatzeko asmotan dabil.
A.M.: Aurten txosnagunea egia da txikiagoa dela, baina oso ondo dago, gainera aterpea dago eta eguraldi txarra eginez gero, jaiak aurrera egingo du. Zurrumurru bat dabil herrian Udalak txosnak lekuz aldatu nahi dituela eta herritik urrundu eta txosna kopurua murriztu nahi duela datorren urteetan. Erabaki hori jaien kalterako izango litzateke, eredu parte-hartzaile eta herritarra zapuztuko lukeelako.
2004an eman zion hasiera bere ibilbideari Ingule Gazte Asanbladak ekimenak antolatzeko eta gazteen parte hartzea bultzatzeko asmoarekin. Euren esanetan, egin duten hausnarketak eragina izan du Mungiako txosna batzordean eta azken urteetan eskaintza zabaltzea lortu dute. Hala ere, ez dute lan erraza izan, Udalaren «eskua» -EAJk gobernatzen du- hor baitago.
«Jaien inguruan edo txosnagunearen kontura, ez dituzte gure proposamenak inoiz ere aintzat hartu; gauzak antolatzeko orduan trabak jarri dizkigute beti»