GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

sega Euskal Herrikoa

Gipuzkoarrek gehiengoa izango dute kanporaketan

Gaur Aizarnan erabakita geratuko da finalean zein lau segalari arituko diren.

p028_f02.jpg

Jon LEUNDA

Gipuzkoarrak izango dira gehienak -zortzitik bost- gaur Aizarnan 18.00etatik aurrera jokatuko den Euskal Herriko Txapelketako kanporaketan. Bi multzotan banatuta arituko dira, eta bakoitzeko bi onenek lortuko dute finala jokatzeko txartela.

Lehenengo multzoan, Jon Kanflanka, Arkaitz Arteaga, Jon Intxaurbe eta Iban Pardo lehiatuko dira. Hemengo faborito nagusiak Kanflanka eta Arteaga izango dira. Leitzarrak gorantz egin du azkeneko urteetan, eta Baliarraingoak, berriz, badaki zer den txapel hau janztea.

Beste multzoan, berriz, Juan Joxe Lizaso, Jokin Etxeberria, Mikel Alkorta eta Gorka Larrañaga lehiatuko dira. Hemengo faborito nagusia Juan Joxe Lizaso izango da. Asteasuarrak jadanik irabazi ditu Gipuzkoan jokatu diren bi txapelak, eta Euskal Herrikoa irabazteko ere faborito nagusia da. Badirudi bigarren posturako gauzak estu egon daitezkeela Alkortaren eta Etxeberriaren artean.

Segalari bakoitzak ordu erdia izango du lanean aritzeko, eta tarte horretan belar kilo gehien ebakitzen duenak irabaziko du. Kasu honetan estreinako bik lortuko dute finalerako txartela. Aurrez aipatu bezala, gipuzkoarrak izango dira lanean arituko diren gehienak, zortzitik bost herrialde horretakoak baitira. Bizkaiak bi ordezkari izango ditu; Intxaurbe eta Larrañaga, eta bat bakarra Nafarroak, Kanflanka. Aurten hutsuneak ere dezente dira, eta aipagarrienak Andoni Goikoetxearena eta Jexuxmari Ormaetxearena dira, arrazoi ezberdinengatik ez baitira gaurko lehian arituko.

Jokoak

Nafarroako Iparraldeko Jokoen hirugarren jardunaldia jokatuko da bihar Betelun, 18.00etatik aurrera. Iparraldeko Jokoen barruan zazpi modalitate desberdin dira: Lokotx-biltzea, ingude-jasotzea, txinga-eroatea, harri-jasotzea, lasto-jasotzea, orga-jokoa eta zaku-lasterketa.

Torneo honetan orga modalitatea izan ezik, gainontzeko denak sartuko dira. Probak banakakoak izango dira eta guztira hiru jardunaldi jokatuko dira liga sistema erabiliz.

Beraz, bihar Betelura joaten direnek joko ezberdinak ikusteko aukera izango dute, urtean zehar, zoritxarrez, harri-jasotzea kenduta, gainerakoak ikusteko ez baita aukera handirik izaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo