GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

Munduko literatura euskaraz

 

Literatura Unibertsala bildumari jarraipena emateko asmoz, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak beste 50 obra itzuliko ditu euskarara hurrengo urteetan. Bildumari hasiera eman zion lanak, Jonathan Swiften «Gulliver's Travels» («Gulliver-en bidaiak», Iñaki Mendigurenek itzulia), 1990ean ikusi zuen argia, Ibaizabal argitaletxearen eskutik. Bilduma ehungarren zenbakira iritsi zenean, Alberdania eta Elkar argitaletxeek jaso zuten bildumako lanak kaleratzearen lekukoa. Horien bidez beste 53 hiru liburu kaleratu ziren, horietarik azkena, H.P. Lovecraften «At the Mountains of Madness» («Eromenaren mendietan», Ainara Ruiz Benitok itzulia).

Beste hizkuntza eta herrialdeetan argitaraturiko obrarik esanguratsuenak euskal irakurleari gerturatzeko asmoz jarri zuen abian, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren arteko lankidetza-hitzarmenaren bitartez, Literatura Unibertsala bilduma EIZIEk. Bilduma horri zor diogu, hain zuzen, aipatu Swift eta Lovecraften lanez gain, James Baldwin, Simone de Beauvoir, Cesare Pavese, Chinua Achebe eta beste hainbat egileren obrak euskaraz irakurri ahal izateko aukera.

Kalitateko literatura nork bere hizkuntzan irakurri ahal izatea funtsezkoa da nork bere ezagutza maila zabaltzeko. Hizkuntza baten normalizazioari begira ere, itzulpengintzak rol garrantzitsua du. Ildo horretan, bildumak funtzio bikoitza betetzen du. Badira hobetu beharreko zenbait kontu. Orain arte argitaraturiko lanen artean, europar gizonezko zuriek idatzirikoak dira nagusi. Hala ere, berri ona da bildumak bere bidea egiten jarraituko duela jakitea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo