Markel IRIZAR | Radioshack taldeko txirrindularia
Agurra
Iritsi da uda, beroa, eguzkitako betaurrekoak, txankletak, praka motzak, eta hondartzako giroarekin batera, gure kiroleko lasterketa garrantzitsuena. Behin kirol arloan errege den futbola bukatuta, kirolzale guztiak uztailean Tourrari buruz solasean aritzen dira. Porra eta apustutxoren bat tartean ez bada, Pirinioetarako txangoagatik edo telebista aurrean egindako orduengatik, Tourra da txirrindularitzako lasterketa jarraituena, ospetsuena eta handiena.
Eta 31 urterekin, ia esperantza ere galduta neukanean, munduko talde indartsuenetariko batek emango dit umetatik izan dudan amets bat betetzeko aukera, hau da, Frantziako Tourrean lehiatzea. Nire aurreneko Tourrerako ilusioz bete dut neure maleta. Taldekako erlojupekoa irabazteko aukera, taldekako sailkapen nagusia irabazteko ametsa, Parisera inongo arazorik gabe iristearen kezkak edo taldekideren bat sailkapen nagusian aurreko postuetan kokatzearen ardurak azken egunetako loa ere majo arindu dit. Ez dakit nerbio kontuak ala buruko kezka txikiak, baina lasterketa hasi aurretik nire sabel inguruan «tximeleta» antzeko zerbait nabaritzen hasia naiz; hala ere, lasterketa honetara etortzearen ilusioak horrenbeste merezi du, ezta?
Nire helburuak taldearen helburuekin bat datoz, eta talde bezala podiuma zapaltzea da nire ametsa. Beno, ametsetariko bat... Pirinioetako ikurrinaz jositako errepideetan zehar igarotzea, bide bazterrean lagun, familia eta seme nahiz emaztea ikusteak... Asko eta handiak dira izugarri motibatuta mantentzen nauten arrazoiak. Hau idazten ari naizela egun batzuk falta dira Tourra hasteko, baina batzuentzako jada lasterketa hasi da, eta gure bazkari eta afari osteko jardunetan nabari da.
Baina dagoeneko berandutzen hasi da eta, ongi baderitzozue, argia itzali eta lotara goaz Janny eta biok. Bera podiuma ala bost onenen barruan egiten duela amestera; ni berriz, aurrez aipatutako helburu apalagoei buruz gogoeta egitera. Ordura arte, ondo segi eta ongi etorri Txurru eta Irizarren Tour partikularrera.