Aizkora Apustua
Vicentek oraingoz ez dio Mindegiari erantzungo
J.L.
Patxi Mindegiak aste hasieran bota zion desafioa Daniel Vicenteri, baina Otsagabikoak, oraingoz, ez duela jokatuko esan du, prentsari bidalitako ohar batean.
«Harriturik gelditu nintzen astearte goizean nire koinatuak Leitzatik lehendabizi eta gero lagun batek Gipuzkoatik deitu zidatenean, Patxi Mindegiak hainbat komunikabideren bidez desafioa bota zidala esateko. Hiru lan ematen zizkidan aukeran, diru kopuru bat jokoan eta batez ere sarreretatik ateratako guztia irabazlearentzat. Azkeneko baldintza hau aldaezina. Honek harritzen nau; irabaziko duzula pentsatuagatik ezustekoak ere izan daitezke eta ez da bietako inorentzat ere komenigarria, gastuak sarreren diruarekin ordaintzen baitira», adierazi du Danielek.
«Nik gaur egun, kirol eta lan konpromiso batzuk hartuta ditut eta ez daukat nahi bezala prestatzerik horren apustu garrantzitsua, aipatutako lanak oso zorrotzak baitira. Ez zait interesatzen apustu hau orain, baina ez dut baztertzen denbora gehiago dudanean jokatzea. Orain ongi prestatzerik ez dudanez, ez diot hutsik egin nahi ikustera joatekoa den jendeari eta ez zait komeni apustu hau jokatzea», gaineratu du aizkolari nafarrak.
Bestetik, Otsagabikoak garbi utzi nahi du berak joan den ostiralean Leonen jokatu zen Timber Sporteko finalean ez zuela izan inolako eztabaidarik Mindegiarekin, ez zuelako egun horretan berarekin hitz egin. Era berean, berari laguntza eman dioten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie.
Hirugarren Maila
Euskal Herriko Hirugarren Mailako bigarren kanporaketa jokatuko da bihar, 11.30etik aurrera Usurbilen. Bertan honako hauek hartuko dute parte: Jauregi, Kintana, Llanos, Juan Esnal, Haritz Esnal, Dorronsoro, Urteaga, Pellejero, Gogortza eta Etxeberria. Amaieran, bi onenek lortuko dute finala jokatzeko txartela.
Jadanik kanporaketa bat jokatu da, eta han Larrañagak eta Irazuk lortu zuten finalerako txartela. Kanporaketa honetan Jauregi, Pellejero, Dorronsoro eta Urteaga izan daitezke faboritoak, baina hori han erakutsi beharko dute.
Berriak ere agertu dira kanporaketa honetan, bai Juan eta Haritz Esnal bai Gogortza lehen aldiz arituko baitira plazan ofizialki. BErri ona da; izan ere, aizkolariak sortzen ari dira, eta hori funtsezkoa da kirol honek etorkizuna izan dezan. Hau amaitutakoan, kanporaketa bakarra geratuko da jokatzeko.