GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Amets TXURRUKA | Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia

Hello, my friend!

Kaixo irakurle eta lagun estimatuok! Hizkuntza arrotzean hasi dut aurtengo gure hartu-emana, hilabete honetan zutabekide izango dudan Markel Irizarrekin azkenaldi honetako entrenamenduetan honela aritu baikara, ingelesa praktikatuz alegia. Nire «lankidea» erdi «yanki» bilakatu da jadanik, eta taldean ongi integratu denaren seinale, hizkuntza bereganatzeaz gain Tourrerako lekutxoa ere egin duela. Aurten, beraz, etxeko sofatik zutabea idaztetik etapa ondorenean idaztera pasako zaigu eta beste kultura bateko taldean Tourra nola bizi den ezagutzeko parada izango dugu.

Hala ere, barnean euskal kultura ongi errotua daukala badakigu eta Tourraren irteerara abiatu aurretik San Juan sutan mamu txar, zorigaizto eta pentsamendu aldrebes guztiak erretzen izan zela esan dit txoritxo batek. San Juan egunean, ikasleek, apunteak, gehiago beharko ez dituzten liburuak, eta abar erre eta oporrak hartu ohi dituzte. Urteko gaurik motzenean, gu ere prestakuntzaren xehetasunak zehazten dituen paperak erretzeko moduan ginela uste dut. Ikasleekin alderatuz, ez daukagu oporrik ordea! Egin beharreko lanak eginda, gorputza zailduta eta ilusioz gainezka, urteko azterketarik garrantzitsuenaren atarian gara beste behin: Frantziako Tourra!

Ia-ia konturatu barik, bost urte pasa dira jadanik lehen aldiz zirku erraldoi honetako tximu izateko aukera eman zidatenetik. Hala ere, handia da hau, eta bat ez da erraz ohitzen txirrindularitzan esanahi gorena duen lehiaketa honek bere inguruan biltzen duen guztira. Lehen urtean bezala, hasi aurreko egun hauetan barruan zirrara berezi bat sentitzen dut. Etxeko lanak ondo eginda (ustez behintzat), hilabete honetan egiteko dudan lana ezagututa eta orain arteko esperientzia lagun, lasai egoteko arrazoi gehiago ditut, baina ezin egon ba!

Aldarte honetan egotea txarra denik ez nuke esango inondik ere, ilusioz beteta jarraitzen dudala eta egiten dudana gustura egin eta bizi dudan seinale dela adierazten baitu! Markelek bere lehen parte-hartzean, barnean sentitu duen «tximeleta» hori oraindik hemen dabilkit bueltaka, eta hori desagertzen den egunean hasiko naiz arduratzen.

Lanak izan ditut maletan kulot, maillot, kasko eta abarren artean testu labur hauek idazteko ordenagailua sartzen; etapa bat irabazteko eta Tour eder bat burutzeko ilusioak leku asko hartzen baitu! Gogo biziz gatoz taldekideok helburu horren bila eta erraza izango ez bada ere, sailkapen nagusian postu on bat egiteko Samueli babesa eskaintzearekin batera, eguna joan eta eguna etorri saiatuko gara, hilaren 24an Parisera iritsi bitartean. Iaz zoritxarrez, erorketaren ondorioz, behar baino azkarrago bueltatu beharra izan nuen, baina zorionez zaleok egunero nola jarraitzen duzuen ezagutu ahal izan nuen eta horrek aurtengoan hiru astetan borroka egiteko indarrez bete nau!

Aurtengo lehen pedalkadak emateko irrikaz agurtzen zaituztet Bretainiako txoko eder honetatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo