GARA > Idatzia > Kultura

Musika

EHZren ateak zabalik, hiru egunez musikaz blaitzeko

Heletak ateak ireki zizkion atzo Euskal Herria Zuzenean jaialdiari. Ehunka lagun elkarturik ziren arratsalde hasieratik laguntzaile lanetan aritzeko, eta bien bitartean kanpalekua musikazalez betetzen joan zen. Iam, Morcheeba, Estricalla eta Goran Bregovic taldeek osatzen zuten atzoko egitaraua. Edizio «polita» izango zela nabarmendu zuten antolatzaileek.

p040_f02_148x112.jpg

Ainize BUTRON | HELETA

Euskal Herria Zuzenean jaialdiak bere urteroko lekua berreskuratu zuen atzo Heletan, bai herrigunean bai inguruetan. Horren ondorioz, herria guztiz itxuraldaturik agertu zen. Zelaiez inguraturiko herriari hesi ilunak gehitu zizkioten, eta, elizako dorrea bera ere paisaiatik guztiz desagerrarazi zuten agertoki erraldoiek.

Heletarrek beraiek ere bestelako itxura eman zioten herriari. Ostatuetan kanpoko barrak jarriak zituzten, eta, zenbait etxetako kanpoko horma xuriak grafistek egindako tindu erraldoiez estalirik ziren. Hiru eguneko musika saioez eta aldarrikapenez beteriko EHZ jaialdia jasotzeko ezin antolatuago aurkitu zuten herria, emeki-emeki, festibalaz gozatzera hurbiltzen ari zirenek.

Atzo, arratsaldeko ordu bietan, zaleek oraindik muturra agertua ez zutenez, aurreko egunetan izandako muntaketa lanez mintzatzeko aukera izan zuten jaialdiko arduradunek, eta, horretan inoiz baino hobekiago aritu zirela goraipatu zuten. Aurreko urteen aldean gutxiago izanik ere, lehen aldian bezain «goxo eta serioa» aritu zirela nabarmendu zuen Elixabet Aizager lehendakariak.

«Heleta dagoeneko ezaguna zutela nabari zen, eta bakoitzak bere ardurak hartu ditu», esan zuen. Horrenbestez, aurreko urteetan ez bezala, heletarrek inplikazio handia izan zutela nabarmendu zuen. «Heletarrak hasten dira onartzen, ez dute gehiago arrangurarik, eta anitzek lagundu gaituzte. Argiketariak eta beste alor batzuetako profesionalak hurbildu zaizkigu laguntzera», gehitu zuen.

Muntaketa ongi igaro izanak eta atzoko egun eguzkitsuak baikor jarri zituen antolatzaileak datozen egunei begira. «Beti erran dugu eguzki honek plazer egiten digula. Sentitzen dugu edizio polita izango dela», erran zuen, berriz, Aizagerrek.

Egitaraua goraipatuz

EHZ Heletara iritsi zenetik bizitako gorabeherak gogora ekarri zituen lehendakariak: «Lehen edizioan 22.000 lagun hurbildu ziren eta horrek tentsio handia sortu zuen; gainera, muntaketaren egunean atxiloketak izan ziren. Bigarren urtean gure bi langile atxilotu zituzten, eta iaz, berriz, tenpesta izan genuen. Lehen urtea da dena ongi doala, ez bada Aurore Martinena, baina, hemen izango da gurekin».

Atzo eguerdian jada Heletako bazterretan nabaria zen aurtengo edizioak arrakasta izango duela. Bezpera gauean, izan ere, 8.500 txartel salduak zituzten. Eta, atzo egunean zehar salmentek ez zuten etenik izan. Ordu biak ziren jendea Heletako ateetatik sartzen hasi zirelarik. Lehenbiziko jaialdia zuten gaztetxoekin batera urtetan laguntzaile gisa lanean aritu diren beste asko ikus zitezkeen.

«Urteak eman ditugu Idauze Mendin lanean; orain gazteek behar dute lekukoa hartu, eta guk, berriz, musikaz gozatu», zioten Xalbatek eta Manuk, hiru egunerako kanpin dendarekin Heletara etorriak ziren bi lagunek. Aurtengo egitaraua goraipatuz jarraitu zuten: «Urtetan jaialdiak izan duen egitarau onena da aurtengoa».

Atzo bertaratutako beste hainbat musikazale bezala, Estricalla, Iam edo Morcheeba ikusteko irrikaz zeuden. Atzoko egitarauan, ondoko egunekoetan bezainbat, gustu guztietarako musika ageri ziren. Baziren ere espresuki Goran Bregovic ikustera hurbilduak zirenak.

Lehen eguna zenez, azken prestakuntzetarako ordua zen. Ehunka laguntzaile, gutxinaka, egokitu zitzaien lanpostua hartzen hasiak ziren. Iban zen horietariko bat. Brigada berdeak deituriko lan taldeko kide, hiru egunez komunak garbitzen eta ingurumenarekiko begirunez jokatu beharraz jendea ohartarazten arituko da.

«Deus ez da galtzen, dena transformatzen da», bota zuen brigada berdeen leloa goraipatu nahian. Sei lagunez osaturiko lau talde finkatu dituzte brigada horietan aritzeko. Komunak garbitzea beti erosoa ez denez, baziren eginbehar atseginagoak zituztenak ere. Maikari, esate baterako, aurtengo jaialdian estreinatzen den Erregelu gelan lan egitea tokatu zaio.

Tarte batez musikaz aldendu nahi duten festibalzaleentzako atseden eta hausnarketa gunea izatea du helburu gune berri horrek. Prentsa irakurtzeko besaulkiek, «Irudimena» erakusketa eta hitzaldi eremuak osatzen dute. Atzo bertan, zinemari buruzko eztabaida batekin ireki zuten gunea.

Musikaz gozatuz

Arratsaldeko lehen orduetako lasaitasunaren ondotik, arratsaldeko seiak aldera bazterrak berotzen hasi ziren. Festazaleak gero eta gehiago ziren kanpalekuetara joaten. Askok orgattoak zituzten lagun, hiru egunez bertan lo egin eta jateko.

8.500 BAINO GEHIAGO

Atzo eguerdian nabaria zen Heletako bazterretan aurtengo edizioa ere arrakastatsua izango dela. Bezpera gauean, izan ere, 8.500 txartel salduak zituzten, eta, atzo, egunean zehar salmentek ez zuten etenik izan.

Musika estilo eta mugetatik at, abiatu da EHZ festibala

Abiatu dira doinuak Heletan. Lehen eguna nahiko bitxia izaten da jaialdi guztietan. Apurka-apurka iristen dira ikusleak emanaldi lekura, eta hurrengo bi egunetan beren etxea izango den tokia ezagutzen hasten dira: Kanpalekua, ostatuak, eszenatokiak... eta batez ere egitaraua eta ordutegiak. Aurtengo EHZ xumeki abiatu zen Anariren emanaldiarekin. Itsasoa ostatuan (taberna txiki eder bat) eskaini zituen bere kantuak, bere musika bidea abiatu zuen legez: soilik gitarraz eta ahotsaz. Kantu biluziak jorratu zituen (kontzertu osoan oinutsik aritu zen, gainera), sortzez, entsegu lokalean, edo etxeko sofan idatzi izan ziren bezala.

Anariren emanaldiarekin batera Tokyo Sex Destruction-en emanaldia abiatu zen. Bartzelonako banda ohikoan hobe moldatzen da eszenatoki txiki eta ilunetan, baina beren musika festibal askotara eraman izan dute azken urte hauetan guztietan. Beraien musika energia handiko da, oldarkorra, zikina askotan. Gitarrak dira beraien arma nagusia eta horrela erakutsi zuten atzo.

Ez ziren gitarrak astintzen bakarrak. Pasa den urtean izandako euriteak, Killers taldearen emanaldia bertan behera utzi zuen. Atzo, ordea, zuzenean aritzea lortu zuen taldeak. 1985ean sortu zen Killers taldea Lapurdiko Bardoze herrian eta Euskal Herriko heavyzaleen artean talde maitatua da. Urtetan aurrera egindakoek, gazteen indarrez, karparen azpian eskaini zuten euren emanaldia. Frantsesez eta euskaraz abestu zituzten kantuak eta erantzun polita jaso zuten. Lerro hauek idazterakoan Morcheeba agertoki gainera igoa zen. Gero, beste hamar talde ariko ziren zuzenean gaua amaitu artean.

Eguerditik abiatuko da musika gaur Heletan. Herriko plazan kale animazio ugari izango dira giroa berotuz, eta Antxarteta gunean berriz, musika kolektibo ezberdinek taularatuko dituzte euren proposamenak. Iparraldeko Konpilazioa disko bilduma osatu zuen hainbat musika talde ariko dira eszenatoki honetan: Mak Fly, Blaswave, The Flying Sex Toys... Guztien artean Iparraldeko musika eszenaren lagin txiki bat irudikatuko dute. Iparraldeko taldeekin jarraituz, Xutik taldea ariko da arratseko sei eta erdietan Urbeltzetako eszenatokian. Berriki atera duten diskoa defendatuko dute taula gainean, eta horretarako ska, rocka, patxanga eta parrandarako musika erabiliko dute. Lekukoa Ken Zazpik hartuko die eszenatoki handian, eta gerora The Rodeo Idiot Engine (EHrZ lehiaketako garaileak), Split 77 ... Gaueko bederatzietan taularatuko da larunbat gaueko talde garrantzitsu bat: Jim Jones Revue. Talde britainiar honekin rock, rokabilly eta punk musikaren zertzeladak iritsiko dira, eta bide horretan, rockeroagoak beti ere, Atom Rhumbak gitarrak kiskaliko ditu, ohi duten legez, indartsu eta elektriko. Beste giro batzuetan ibiliko dira Chinese Man, Drunken Balordi eta Shaka Ponk. Koldo OTAMENDI

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo