GARA > Idatzia > Kultura

Bermutean... Martin Garitanorekin

«Mundua guztiak egiten duena egingo dut, baina arduraz»

p064_f01_100x100.jpg

Martxelo DIAZ

Askotan etorri izan da Martin Garitano Iruñera sanferminak ospatzera. GARAko orrialde honetan bertan ere urtetan kontatu izan ditu bederatzi egun hauetan izandako pasadizoak. Lan hori bera egin zuen «Egin»-en ere, oraindik bestondoan ginela Baltasar Garzon epaileak egunkaria ixtea agindu zuen arte.

Atzokoa, berriz, bisita bitxia izan zen Garitanorentzat, Gipuzkoako ahaldun nagusi gisa heldu zelako Iruñeko udaletxera Bilduko zinegotzien gonbitari erantzunez. Hala, beste agintari eta hautetsiekin batera egon zen txupinazoa botatzeko garaian.

Hala eta guztiz ere, ez zen une horretan toki horretan egoten zen aurreneko aldia. «Betidanik etorri naiz sanferminetara eta ez da txupinazo egunean areto honetan egoten naizen lehen aldia. Aurrekoan kazetari gisa izan nintzen, «Egin»-eko ordezkari gisa. Niretzat oso emozionantea da hemen izatea, bai lehen kazetari moduan bai orain Gipuzkoako Aldundiko ordezkari gisa», esan zuen.

Kondairak dioenaren arabera, duela urte askotako uztailaren 6 batean Garitanok txupinazoan suziria piztu zuen. Ez noski, bestari hasiera ematen diona. Alkateak edo hautatuko zinegotziak piztutako lehen suziri horren ostean, beste 26 pizten dira. Zinegotziak adina. Eta horietako bati eman omen zion su Garitanok; HBko zinegotzi bati esker izan zuen ohore hori.

Barru-barrutik bizi izan ditu sanferminak Garitanok, gaztetandik, Bergaratik etortzen hasi zenetik. Orain, berriz, beste modu batean gozatu beharko ditu, lasaiago-edo, herrialde oso bat ordezkatzeak duen ardura dela eta. «Ardurak desberdinak dira. Nik sanferminak beti disfrutatu ditut asko. Jakina da orain beste era batera ibili beharko garela. Lurralde oso bat ordezkatzen duzu eta jendeak ezagutzen zaitu. Beraz, ez duzu lehen zenuen askatasun osoa. Baina, tira, horrek ez du esan nahi festaz disfrutatuko ez dugunik. Ezta gutxiago ere», adierazi zuen cava kopa eskuetan zuela, Iruñeko udaletxean bertan, txupinazoa piztu eta minutu gutxira.

Atzoko Garitanoren agendan Iruñera joan-etorri azkarra egitea zegoen. Nafarroako hiriburura bueltatzeko asmoa du, nolanahi ere. «Gure taldeko kideekin, betiko lagunekin, peñetan peñetako lagunekin egoteko asmoa dut. Mundu guztiak egiten duena egingo dut, baina ardura handiagoarekin», adierazi zuen Gipuzkoako ahaldun nagusiak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo