GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Montignac

p044_f02_111x111.jpg

p044_f01_111x111.jpg

Bizarra lehen aldiz egin nuen garaian, zalantza gutxi izaten nuen hurkoa epaitzeko. Lehenik punk-ak goresten nituen, haiena zen arrazoia, legea. Punk-ak ez zirenak kaka jale hutsak begitantzen zitzaizkidan, pelloak. Bizitza lan merkatutik, txikiteotik eta Jaunartzetik aparte gertatzen zen. Ileak narras ibiltzea, jakak estu eta lixibaz zikinduta, gandorra buruan... hori zen kategoria. Oreretako zaharren etxearen okupazio garaia oroitzen dut ondoen, hango asanbladak, festak, eta haien partaide izateko harrotasuna, edo keria, nahi baduzue. Gero borradunak etorri ziren gu kanporatzera. Kaosarekiko atxikimendua gaindituta, hard-rock-aren garaia etorri zen. Militarren botak cowboy-enengatik kanbiatu genituen. Mugida elitista zen osoki, gutxi batzuk ginen halako olatuan parte hartzeko aukeratuak. Hura zen zoriona, jendaila sorbalda gainetik begiratzean! Neskak ere tropelka hurreratu zitzaizkigun. Hartaz nekatuta, ostera, estiloa intelektualizatzea deliberatu genuen. Arrunta zen rockzalearen bizitza, Jack Daniels ozpindua eta bizimodu kaskar hura. Premiazkoa zen bizitzaren adarrei eustea: astakirten bat izateari uztea, alegia. Orduan liburuak besapean eramaten zituztenak soilik genituen aintzat hartzen. Dena genekien, dena genekienez. Orain, ordea, jada bizitzaren arrastoan leporaino sartuak gaudela, hura guztia irri maltzur batekin begiratzen dugu, harrokeria guztiak galduta. Apaltasunaren mailua iritsi zaigu, oharkabean. Orain Montignac eta Duncan dietak egiten ditugu, urteetako bekatuen arrastoa ezabatzearren. Esaiozue orduko punk hari, eta hark egingo ditu, bai, algarak.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo