GARA > Idatzia > Kultura

ERREPORTAJEA

«Berriz ere ditxosozko karabelez hizketan hasi behar»

Ez dira asko eta ez dute orain arte ondorio larririk eragin, baina aurreko udetan bezala, karabela portugesak hizpide ditu jendeak. Ondarretako hondartzan izan dira bi ziztada azken egunetan. Eguneroko erabiltzaileek «amorruz» hartu dute albistea, horrek bainua asko mugatzen duelako; sorosleek larritzeko arrazoirik ez dagoela diote eta alferrikako alarmismoaren ordez prebentzioa eskatu dute.

p046_f01.jpg

Maider EIZMENDI- Maialen LARRINAGA | DONOSTIA

Ondarretako hondartzan ez zen atzo toldoak zabaldu eta jasotzen lan handirik; haien kargu dauden langileak zain zeuden. Eguna goibel esnatu zen eta, tartean, euri tanta batzuk ere egiten zituen. Horregatik, akaso, Donostiako uretan karabela portugesa (Physalia physalia) izeneko hidrozooa agertu izanak edota astelehenean marmokak agertu zirelako Angeluko hondartza itxi zutela jakiteak ez zuen iskanbila handirik sortu hondartzako erabiltzaileen artean. Iaz, ehunka eta ehunka ale jaso zituzten hondartzetan eta haiek egindako ziztadengatik zenbaitek ospitalerako bidea ere hartu behar izan zuen.

Bi izan dira azken egunetan Donostiako Ondarretako hondartzan ziztatutako pertsonak eta 40, berriz, kostaldean, Igeldo inguruan, atzeman dituzten karabela portugesak pasa den ostiralaz geroztik; ia denak asteartean. Atzo hiriburuko udaletxean eskainitako agerraldian larritzeko arrazoirik ez dela azaldu zuen, ordea, Hondartzetako zinegotzi Nora Galparsorok.

Herritarrak lasaitu nahi izan zituen, haizearen baitan mugitzen direnez, hark jada Donostiako badiatik eraman dituela esanda. Baina pentsatzekoa da, eta hala esan zuen Galparsoro berak ere, uda honetan berriz ere karabela portugesez hitz egitea egokituko zaigula.

Bezperako berriaren ondotik, hondartzen zebilen jendea lasai zegoen. Udalekuetako haurrak zebiltzan, batez ere, hara eta hona jolasean, zenbait uretatik sartu-irtenean. Haien ondoan zebiltzan baina Lidia Cabestany eta Marisol de las Cuevas, urte guztian eguneroko bainua alde batera uzten ez duten bi donostiar. Uretatik zetozen, txapela eta betaurrekoak eskuan hartuta. Amorrazio galanta eman die berriz ere ditxosozko karabela portugesak agertu izanak; horrek, izan ere, asko aldatzen die eguneroko bainu estimatua. «Iaz asko agertu ziren egunetan ez ginen uretan sartu, kontu izan behar baita; arduragabekeria litzateke asko daudela jakin eta uretan sartzea», nabarmendu dute, haien ziztadak benetako beldurra ematen dietela onartzearekin batera.

Orokorrean beste talante batekin sartzen direla uretara onartu dute. «Gu igeri egitera etortzen gara; baina karabelak egon daitezkeela baldin badakigu, askoz ere arreta gehiago jartzen dugu. Ez hori bakarrik, ez dugu lasaitasun berberarekin igeri egiten», kontatu dute. «Igerian beharrean plisti-plasta egiten zabiltza gehiago horrelakoetan», gaineratu dute.

Ez dute karabela ziztadarik jaso, baina ondo ezagutzen dituzte haietako batek ziztatuz gero hartu beharreko neurriak. «Azukrea ematen dute, baina ziztatutako tokia bake-bakean uztea gomendatzen dute; itsasoko ura bera botatzea ere ona omen da», azaldu dute. «Hoberena, hala ere, ahalik eta azkarren Gurutze Gorriko postura joatea da». Bestelako ohar bat ere egin nahi izan dute bi emakumeek: «Ur bazterrean geratzen direnak zanpatu egiten ditu jendeak, haurrek batez ere, eta hori ez da egin behar; bazterrean geratuz gero, abisu eman behar da jasotzera etor daitezen».

Udan karabelarekin eta marmokekin sortzen den larria ulertzen dute, orduan hartzen baitu jende gehienak bainua, baina eurek ez eta marmokak urte guztian ikusten dituztela azaldu dute. «Martxoan eta apirilean ikusi izan ditugu guk», nabarmendu dute Donostiako bi emakumeek.

Karabelak karabela, bainua hartzen zebilen jendea zaintzen lan handirik ez zuten izan atzo Ondarretako sorosleek. Kazetarien galderei erantzuten eman zuten denbora gehiago.

Prebentzio lanean sakontzen dutela, batez ere, aitortu du Marta Fernandez sorosleak. «Karabelak edota marmokak badian sartzen ari direla ikusten badute, berehala pasatzen digute abisua», azaldu du. Kasu horietan, hondartzako bandera aldatuz helarazten diete informazioa erabiltzaileei. Hain zuzen ere, bandera horia jartzen dute, ondoan medusen presentziaren berri ematen duena duela.

Prebentzio neurriak bakarrik nahikoak ez direnez, inor ziztatuz gero protokolo jakina jartzen dute abian sorosleek. «Lehenik eta behin, azalean utzitako hondarrak, tentakulu txikiak, garbitzen ditugu serumarekin; ondoren, ingurua ez handitzeko hotza jartzen dugu ziztadura gainean, inoiz ez zuzenean, zapitxo batekin baizik», azaldu du.

Orokorrean zaintza horiek nahikoak izaten dira. Arreta berezia merezi dute arrisku taldean sartzen diren lagunek, hau da, haurrek, adinduek eta aurretik patologiaren bat dutenek. «Kasu horietan, zerbait gehiago atzematen badugu, ospitalera bidaliko genituzke; baina momentuz ez da horrelakorik gertatu», azaldu du Ondarretako sorosleak. Azken egunotan Donostiako hondartzan izandako karabela portugesa ziztadak, izan ere, arinak izan dira eta aurretik aipatutako zaintzarekin nahikoa izan dute.

Erabiltzaileei hondartzan jarritako banderan arreta jartzeko eskatu die sorosleak, baita, badian karabela portugesak daudela jakinez gero, ahal den neurrian ez bainatzeko ere. «Onena ez bainatzea da. Aldiz, bainua hartzea saihesterik ez badago, bero handia egiten duelako adibidez, uretan sartu, freskatu eta ahalik eta azkarren irtetea gomendatzen dugu», esan du. Bainua azkar horretan ziztada jasoz gero, berriz, « ahalik eta azkarren» eurengana jotzea gomendatzen dute sorosleek.

Lasaitasuna eskatu du, hala ere, Marta Fernandezek, kasu askotan behar baino larritasun gehiago sortzen delako. «Jendeak karabelak heldu direla entzuten du, eta, noski, larritu egiten da, batik bat maiz ez delako informazioa behar bezala transmititzen». Oraindik, ordea, ez dagoela larritzeko inolako arrazoirik argitu nahi izan du, «oso gutxi agertu baitira». Alferrikako larritasunen gainetik, informazioa eta ardura prebentzio bitarteko bilaka daitezen lortzea da, beraz, sorosleen nahia.

Hiru ontzik zainduko dute kostaldea

Donostiako hondartzetako zinegotziak, Nora Galparsorok, karabela portugesen inguruko azalpenak eman zituen atzo udaletxean. Bere esanetan, asteburuan hondartzetara iritsitako karabelek utzi dute jada badia. Hala ere, hiru itsasontzi kontratatu dituzte badia eta itsasertza garbitzeko, baina, «batez ere, medusen agerpena kontrolpean izateko». Hala, berriz agertuko balira, hiru ontziak ahalik eta azkarren irtengo lirateke karabelak jasotzera. Hiru ontzietako bat egun osoan zehar izango da lanean egoeraren azterketak egiteko. Hiritarrei sorosleen azalpenak jarraitzeko ere eskatu zien, bereziki haur, adineko, alergiko, asmatiko eta arazo kardiobaskularrak dituztenei.

Karabela portugesak medusa izenez ezagutzen badira ere, maila biologikoan erabat desberdinak dira, nahiz eta Naroa Aldanondo biologoak gogoratu duenez, biak cnidaria filumekoak izan.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo