ITSASOA
Uztailean, munduko surf txapelketak Jeffreys Bay-n eta Biarritzen
H.L.A I
Azkenaldian WQS mailako txapelketa asko izan da munduko leku desberdinetan, baina maila goreneko (WCT) txapelketarik ez da izan maiatzaz geroztik, mutilen kasuan bederen.
Orain, Hegoafrikan egingo da WCT zirkuituko laugarren proba, uztailaren 14a eta 24a bitartean, Jeffreys Bayko eskuin olatu famatuan.
Mutilek, aurrerantzean, eta urria bitartean lau txapelketa egin behar dituzte. Abuztuan Teahupo (Tahiti), irailean Long Island (New York) eta Trestles (Kalifornia) eta urrian, Hossegor (Frantzia) eta Peniche (Portugal). Beraz, bata bestearen atzetik datoz, arrapaladan, mutilen hurrengo WCT zirkuituko txapelketak.
Neskek, berriz, zirkuitua osatzen duten zazpi probetako seigarrena Biarritzen egingo dute, gaurtik hasi eta uztailaren 17a bitartean. Gainera, longboard kategoriako nesken munduko surf txapelketa ere egingo da, beraz izango da zer ikusi datorren egunetan gure itsasbazterrean.