GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Formula magikorik gabe

Pentsa liteke egunkarian iritzi-artikulu bat idaztea kristoren pagotxa izan daitekeela, nahi duzuna nahi bezala esateko aukera izanda, ikusi ezin duzuna salatu edota zirikatzeko eta maite dituzunak goresteko kanpora begirako txoko txiki honetatik. Batzuetan hala da, bai, eta pozarren ekiten diozu orri zuria berba eta ideiez betetzeko lanari, irakurlearengan zerbait mugituko delakoan, transmisio korrontea benetan gertatuko delakoan. Pribilegioa da jendartean sumatzen duzuna, hurbilenean ikusten eta entzuten duzuna, esna daramatzazun zentzuetatik barne- ratzen duzuna partekatu ahal izatea. Baina beste batzuetan, ordea, sufrimendu hutsa da.

Tormentu hutsa zenbait gairi heldu beharra sentitu eta indarrez eta erabakimenez egiteko modurik ez duzunean aurkitzen, hainbestetan egin izan arren, edo hain zuzen horrexegatik, baliteke. Gaiaren behin betiko konponbidearen formularen berri ematea gustatuko litzaizukeenean, ezer baino gehiago nahiko zenukeenean zure iritzia, beste milioika lagunenarekin batera, eta ondoriozko jarrera eta jokabidea, milioika lagunen horienarekin bat eginda, arazoaren panazea izatea. Eta hori guztia garbi izanda eta ahalegina horretan jarrita ere, arazoak bere horretan jarraitzen duela egiaztatzen duzunean.

Eta hori da, hain zuzen, emakumeenganako indarkeriarekin gertatzen zaiguna, jakin badakit-eta nik bezala beste askok ere, gizon eta emakumeek, benetako mina, sumina eta ezintasuna sentitzen dutela pandemia honen ibilbidea eta bilakaera ikustean, kaltetu, umiliatu eta hildakoen etenik gabeko kateak gorantz baino ez duela egiten ulertzean. Horrenbestez, txokotxo hau balio eta irismenez, eraginkortasunez, hornitzeko eta benetan zerbait lagungarria eskaintzeko, gaiaren inguruko hainbat elkarte eta erakunderen, handi eta txikien, txostenak, iritziak, proposamenak eta abarrak irakurtzen ditut, horren guztiaren bozgorailu eta hedakuntza lana beharrezkoa dela sinetsita. Azkena, esaterako, NBE Emakumeak plazaraturiko «Emakumeen aurrerapena munduan» deritzon txostena, Europako gizon eta emakumeen %19k tarteka emakumeenganako indarkeria justifikatzen duela adierazten duena, emakume eta gizonen arteko soldata aldea eskualde eta sektore guztietan %10 eta 30 artekoa dela esaten duena, besteak beste. Aurrerapena izan izango dela, baina datuok ez dakartela pozteko eta gure burua animatzeko arrazoirik pentsatuta, halakoak komentatzea merezi duen, onurarik ekar dezakeen galdetzen diot neure buruari.

Galdetzen diot neure buruari, zuzeneko ekintzan eta gauza txiki eta hurbilekoen eraginkortasunean sinesten dudan heinean, ez ote den baliagarriagoa benetako eraginik izan dezakeen gauza zehatzen bat ekartzea hona, esaterako, San Ferminen aste honen barruan Gora Iruñea! Elkarteak abiarazitako eraso sexistak salatzeko zerbitzuaren telefono-zenbakia: 699 68 76 87. Jaietan, guztietan, dena gelditzen dela uste badugu ere, argi baitago ez dela horrela izaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo