GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeei hamaika bandera beltz eman dizkiete

Ekologistak Martxan taldeak euskal kostaldearen egoera aztertu, eta Gipuzkoan eta Bizkaian hamaika gune beltz nabarmentzen dituen txostena aurkeztu du. Horren arabera, Urdaibai eta Muskiz dira inguru kaltetuenak, eta bakoitzak bi bandera beltz jaso ditu.

GARA |

Arriskuan dauden kostaldeko eremuen gaineko azterketa egin berri du Ekologistak Martxan taldeak, eta Bizkaian eta Gipuzkoan barrena hamaika bandera beltz ezarri ditu, beste horrenbeste ingurune kaltetutan. Nabarmendutako kalteen eragileen artean daude Pasaiako portu berriaren eta Urdaibaiko Guggenheim berriaren egitasmoak edota Petronor konpainiak Muskizen duen proiektua.

Talde ekologistak estatu espainoleko kostaldea hartzen du aintzat urtero argitaratzen duen txostenean eta «bandera beltzak» ezartzen ditu okerren dauden itsasertzeko zonetan.

Bizkaiari zazpi bandera beltz egokitu dizkiote.

Urdaibai da kaltetutzat jo duten inguru horietako bat. Bertan eraiki nahi duten Guggenheim museoa eta Oka ibaian hondakin uren arazketarik ez dela egiten argudiatuta, bi bandera beltz ezarri dizkio Ekologistak Martxan taldeak paraje eder honi.

Muskizek ere bi bandera beltz jaso ditu. Lehena, Arenako hondartzaren ondoan eraiki nahi duten urbanizazioa dela-eta; bigarrena, aldiz, Petronorren findegia dela-eta.

Barrika eta Ondarroa ere kaltetuen artean dira, bandera beltzen banaketan. Herria hauek bandera bana jaso dute, bietan, paraje naturaletan etxebizitzak eraiki nahi izateagatik.

Bilboko portuaren handitzea ere ez du begi onez ikusten Ekologistak Martxan taldeak eta bandera beltza ezarri dio aurtengo txostenean.

Txostenak Gipuzkoan, Orioko Muntoko hirigintza planari ere eman dio bandera beltza, Oriaren ibaiertzean etxeak eraikitzeko egitasmoagatik. Debaren arroko kutsadura larria ere aipatu du txostenak.

Pasaian eraiki nahi duten kanpo portua eta Donostian, aurreko Gobernuak egin nahi zuen Monpaseko pasarela ere aipatu dituzte txostenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo