Joana Regueiro, Marta Perez | Bilboko ezker abertzaleko kideak
Zergatik defendatu behar da Bilboko jai eredua?
Herritarron parte hartzea babestea, 1978an asmatu zen eredua bultzatzea da. Baina ez erakusmahai batean jartzeko, duen potentziala askatzeko baizik
Ba al dakigu zein den Bilbon dugun jai ereduaren berezitasuna? Ba al dakigu nondik datorren? Ba al dakigu zergatik den urtez urte talde politiko ezberdinen helburu eta borrokarako esparrua?
Ematen du, jai eredu herrikoi eta parte-hartzaileari buruz hitz egiten dugunean, 80ko hamarkadako txosna eta musikari buruz berba egiten ari garela, nostalgiko hutsak garela eta ez diegula jendartearen garapenari eta garai berriei erreparatu nahi. Garai bateko ereduei heldu nahi diegula, alegia.
Historikoki Euskal Herrian jaiak herritarren esparrua izan dira. Frankismo garaian, herriak jaiak garai ilun eta latz batetik ateratzeko tresna bezala erabili zituen, baina ez edozein tresna, baizik eta parte hartzean oinarritutako eredua ezartzen zuen molde bat asmatuz. Eredu horrek gaur egunera arte iraun du, hiriburu eta herri handietan batez ere, PNVren hegemoniaren ondorioz herritarren parte hartzea izenburu polit bat baino izan ez den arren, udal ezberdinen programa eta egunerokotasuna kontrajarriz.
Deigarria da Bilboko Udaletik pasa diren politikari guztiak jai eredu mistoa defendatzen dutela esanez entzutea... batez ere azken zortzi urte hauetan pasa direnak, apartheida instituzioen jaun eta jabe izan baita urteotan. Gainera, eguneroko mugimenduak, ordenantzak, dekretuak eta abarrak justu kontrako bidean egin izan dituzte: batzuek, PNVk kasu, era sibilino batean, bai behintzat hasieran; azkenaldian, ordea, PP eta PSEren eskuinean kokatu dira lotsa barik.... Beste batzuk, PP eta PSE, estrategia zuzen eta erasokor baten bidez, disimulurik gabe, jaien eragileen aurka aritu izan dira, eragileon lana desitxuratzen saiatuz, eta jai esparrua beraien indarkeria erakustaldietarako erabiliz. Estrategia horren adierazle nabarmenenak, Txori Barrote eta Kaskagorriren aurkako zigorrak izan dira.
Baina guztiek dute arazo berdina jai eredu honekin: haien botere guneetatik alde egiten duen eredua da; herritarrei lekua ematen dion eredua da.
Eta gauzak horrela ikusita, galdera bat etor dakiguke burura: zergatik defendatu Bilbon dagoen jai eredu mistoa, instituzioak eta herritarrak esparru berean biltzen dituena? Zergatik ez Udala bere aldetik eta konpartsak beste batetik? Eta are gehiago.... demagun udal demokratiko batean geundela: zergatik ez utzi jaien diseinua bakarrik konpartsen eskuetan?
Eta hortxe dago eredu mistoaren potentzialtasun eta bertutea. Udalak ere diseinu horren parte izan behar duelako! Beraz, aberasgarriena guztion arteko diseinu eta elkarlana sustatzea litzateke. Baina, zalantzarik gabe, hori ez da egun dugun egoera. Kontrakoa da. Azkunaren azken agintaldiek argi utzi dute zer-nolako jaiak nahi dituen: postaleko jaiak. Zorionez, Bilbok, plano instituzionalean gehiengo absolutua eman dion arren, ez du bat egiten gezurrezko jai eredu horrekin. Desfase bat dago postal horretan eta PNVk badaki. Konpartsekin elkar ulertzera kondenatuta daude.
Azken finean, konpartsak direlako zalantzarik gabe bilbotarron nahiak, ametsak eta desioak inauterietan, Santo Tomasetan eta bereziki Aste Nagusian biltzen dituztenak.
Herritarron parte hartzea babestea, Bilbon 1978an asmatu zen eredu mistoa bultzatzea da. Baina ez erakusmahai batean jartzeko eredu zaharkitu gisa, egun duen potentziala askatzeko baizik. Bilbotarron aisia eta kultura era zabal eta dibertigarrian antolatzeko eta gozatzeko tresna bezala erabili beharreko eredua da.
Zaindu dezagun ba eredu parte-hartzaile hau! Aste Nagusia defenda dezagun!