Informatika zaleen topagunea BEC-en
Lehen edizioak 36 lagun batu zituen. Gaur abiatuko denean 6.000 inguru espero dira. Parte hartzaile kopuruaz harago, jarduera eta lehiaketa askoz gehiago antolatzen dira eta sare-konexioaren abiadurak ere nabarmen egin du gora. Astelehena bitartean, BECek etengabeko informazio eta pertsona mugimendua hartuko du. Milaka metro kable ere ez dira faltako.Gisako ekimenek 80ko hamarkadan eta Europa iparraldean dute jatorria, Alemania, Finlandia eta Danimarkan. Orduz geroztik zabalpen handia izan dute topaketek. Emakumezkoen eta informatikaren arteko lotura parekidetasunetik urrun dago oraindik ere. Aurtengoan, parte hartzaileen %12 bakarrik izango dira emakumeak
Iratxe ESNAOLA | BARAKALDO
Gaur 10.00etan hasi eta asteleheneko 19.00ak arte, urteroko informatika zaleen topagunea ospatuko da Barakaldoko BEC erakustazokan: Euskal Encouter [www.euskal.org]. Aurtengoa 19. edizioa du 1994an lehen urratsak eman zituen ekimenak eta nabarmena da parte hartzaileen kopuruak eta profilak, sare-konexioaren abiadurak eta antolatzen diren jarduera eta lehiaketek izan duten bilakaera. Eta ez da gutxiagorako: azken 17 urteotan informazioaren eta komunikazioaren teknologiek bizi izan duten eboluzioaren eta erabiltzaileek teknologia horiek kontsumitzeko moduan izan duten iraultzaren isla baita, besteak beste, «Euskal»-a, horrela ere deitzen baitzaio Euskal Encounter topaguneari.
Gisako ekimenak 80ko hamarkadan eta Europa iparraldean dute jatorria, Alemania, Finlandia eta Danimarka inguruetan. Orduz geroztik, zabalpen handia izan duten topaguneak izan dira party hauek eta «Euskal»-a espainiar Estatuko beteranoena izateaz gain, dimentsio handienekoa ere bilakatu da. Lehen «Euskal»-ean 36 pertsona elkartu ziren, baina parte hartzaileen kopuruak modu esponentzialean egin du gora, behin baino gehiagotan lekuz aldatzeko beharra izateraino. Hori horrela, 2004. urteaz geroztik, BEC da topagune honen gune fisikoa: Euskal Herriko eta nazioarteko informatika zaleen urteroko zitaren lekuko da Bilbao Exhibition Center erakustazoka.
«Euskal»-a BECeko 35.000 metro karratu baino gehiago erabiltzera iristen da. Bertan, 4.096 ordenagailuri zerbitzu emateko azpiegitura dago, eta 6.000 parte hartzaile inguru espero dira aurtengoan. Euskaltelek 20 Gbps-eko sare-konexioa ahalbidetzen du eta antolatzen diren lehiaketetan 50.000 eurotik gora banatzen dira saritan. Lau eguneko etengabeko informazio eta pertsona mugimendua da, lo ordu gutxi, milaka metro kable eta milioika watteko kontsumoa tarteko direla.
«Euskal»-ak zaletasun andana biltzen ditu BECeko pabilioietan. Eta zaletasun horiei guztiei erantzuteko ahalegintzat ulertzen da, noski, antolatzen diren jarduera eta lehiaketen aniztasuna ere.
Lehiaketa horietako batek «Eszena» izena hartzen du eta arte digitalari bere tartea eskaini nahi dio, hau da, ordenagailu bidezko arteari. Hiru arlo nagusi biltzen ditu: irudi digitalen sorkuntza, musika digitala eta programazioa. Lehiaketa honen epaimahaia irudigintza, musika eta programazio munduko adituek osatzen dute, hala nola, irudigintzan Vitaly S Alexius errusiarra (http://romanticallyapocalyptyc.com), musikan Ignacio Garamendi Jevo algortarra (http://www.elrenorenardo.com) eta programazioan Jon Cortazar bilbotarra (http://www.relevovideogames.com). «Euskal»-ak irauten duen bitartean, lehiaketa honetara aurkezten diren lanak proiektatuko dira aretoko pantaila handian.
Beste lehiaketa batek hardwareari egiten dio erreferentzia, informatikaren arlo fisikoari, hain zuzen. Lehiaketa ugari daude baina guztien oinarria modding deitzen den arte edo teknika da. Modding ingeleseko modify aditzetik dator (aldatu), eta, hortaz, helburua ordenagailuaren zati ezberdinen estetika edo funtzionalitatea aldatzea da, izan ordenagailuaren dorrea, sagua, teklatua, pantaila edo beste edozein elementu. Zalantzarik gabe, topaguneko jarduerarik ikusgarrienetakoa da, ohikoa baita aretoan zehar ordenagailuak modu deigarri eta neurrigabean apainduta ikustea.
Software libreak ere badu tarterik «Euskal»-ean 8. ediziotik aurrera. Azken edizioetan bezala, aurten ere, Europako Free Software Foundation elkarteko kideek stand bat izango dute topagunean. Era berean, bi dira atal honetako lehiaketa nagusiak: «Hack it» eta «Solve it». Biak ala biak, izenak berak definitzen ditu: lehenak hacking proba ezberdinak gainditzea du helburu, hau da, programazio-probak gainditzea, besteak beste, atzeranzko ingeniaritza erabiliz (egina dagoen programa nola dagoen egina deskubritzea, garatzailea programak egiten duena zergatik egiten duen ulertzera behartuz); bigarrenak, programazioaren logika eta asmakizunak biltzen ditu, soluzio baten bila. Era berean, softwarearen atalean, adimen artifizialak ere bere txokoa izango du, «Tron» joko klasikoan jokatzeko gai izango den robot bat programatzea izango delarik helburua.
Baina zalantzarik gabe, «Euskal»-aren elementu garrantzitsuenetakoa bideojokoen alorra da. Lau egunetan maila ezberdinetako txapelketa ofizialak egiten dira bertan, GameGune izenpean. Munduko txoko ezberdinetatik etorritako jokalari profesionalen gunea ere bada, hortaz, «Euskal»-a.
Eta jarduerekin bukatzeko, ezin OpenGune aipatu gabe utzi. Aurten bigarren aldiz, eta izenak berak dioen moduan, gune ireki bat dago, «Euskal»-eko parte hartzaile izan gabe sartzeko aukerarekin. «Euskal»-a jendarteko beste adin, profil eta interes batzuetara irekitzeko ahalegina da OpenGune, eta, helburu horrekin, stand eta hitzaldi ezberdinak antolatzen dira.
Sabino San Vicente da antolakuntzan (borondatez edo ez) aritzen diren 50 kideetako bat, eta, bere ustetan, «topagune honetan interes anitzek topo egiten duten arren, parte hartzaileen bi heren bideo-jokoek erakarrita gerturatzen dira `Euskal'-era». Halere, «hardware eta eszena lehiaketek ere arrakasta handia» dutela baieztatzen du. Zentzu horretan, Mikel Olasagastik, 10. urtez borondatez lanean diharduen informatikariak, parte hartzaileen interesetan aldaketa sakona nabaritu du. Bere hitzetan, «sarerik ez zenean, `Euskal'-a sareak josteko plaza bat zen, non norberaren ezagutzak eta lanak elkarbanatzea zen ardatza». Egun, ordea, «parte hartzaileek denbora gehien jokoei eta pelikulei» eskaintzen dietela iruditzen zaio, «interes eta ezagutza maila asko jaitsi» dela baieztatuz.
Jakina da emakumezkoen eta informatikaren arteko lotura parekidetasunetik urrun dagoela oraindik. San Vicentek emandako datuen arabera, aurten parte hartzaileen %12 bakarrik izango dira emakumeak, eta «urte hauetan guztietan portzentaje horrek izan duen bilakaera urria» nabarmentzen du.
Halere, egia da emakumezkoen presentzia areagotzen ari dela, oso parte hartze baxua duten arren oraindik. Olasagasti, bere aldetik, lotsa faktore garrantzitsua dela pentsatzera ere iritsi da, baina oro har, interes falta aipatzen du parte hartze baxu horren arrazoi nagusi gisa. Emakumezkoen parte hartzea sustatzeko ekimen konkretuak falta dira, beharbada.
Euskal Herriko eta nazioarteko parte hartzaileak biltzeaz gain, informatikaren munduko topagunea da «Euskal»-a, eta, euskarak teknologien munduan ibilbide oparoa egina duen arren, oraindik ere zenbait eremutan euskararen erabilera baxua da.
San Vicentek antolakuntzatik sortzen diren komunikazio guztiak elebidunak direla azpimarratzen du, baita lanean aritzen diren pertsonen arteko lan hizkuntza dela ere. Hortik harago, Olasagastik parte hartzaileen artean euskararen erabilera %20an kokatzen du. Bada hortaz, antolatzaile zein parte hartzaileen aldetik, esparru honetan ere aurrera egiteko beharra.