Amets TXURRUKA | Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia
«Handia»
Tourra handia da. Handiegi bilakatu ote den ere planteatzen dugu sarritan, eta aurtengo erorketa kantitatea horren erakusgarrietako bat da. Handitasun horrek beti transmititu izan digu urduritasuna, eta, partaide denek aurrean egon nahi horretan, errepideak txiki geratzen dira eta hortik datoz ondorioak. Baina gaur ez dut horretan sakontzerik nahi.
Lasterketa bera inguratzen duen muntaia ikaragarria da: inoiz ikusiko zenuten publizitate-karabana ikusgarria, kazetari kopurua, antolakuntzan lan egiten duen jendetza, irteera eta helmugetako materiala (makinatxo bat trailer goraino beteta), gonbidatuak... Ez nuke zerrenda inoiz bukatuko.
Hala ere, gaur Alpeen handitasunaz hitz egin nahi nuke, bertan murgildurik gaudela profitatuz. Pirinioak ikaragarri politak irudikatzen zaizkigu, bertakoak mendate ederrak dira, baina Alpeek beste dimentsio bat hartzen dute. Bertan egon naizen oro, ingurura begiratu eta harritu egin nau menditzar horien handitasunak: ikaragarriak dira! Handiak baino gehiago, erraldoiak!
Atzokoan ere hiru mendate igo zituzten, baina hiruren artean 4.000 metro inguruko desnibela pilatzen dute; astakeria galanta! Itsas mailatik 2.700 metro pasata ibili dira gure lagunak eta altuera horretan oxigenoa urria da. Himalaian dabiltzan mendizaleekin alderatuz ez da ezer gabezia hori, baina bizikleta gainean ahoa zabalik, bihotza ia 200 taupadatan dagoenean, airean dagoen oxigeno guztia ere urri iruditzen bazaigu... zer esanik ez altuera horretan. Ni, konturatu naiz 2.000 metro ingurutik gora hasten naizela gabezia hori igartzen eta errendimenduak behera egiten didala; ba, atzokoan, 22 kilometro altuera horretatik gora! Badira altuerara hobeto ohitzen diren gorputzak eta gehiago kostatzen zaienak (egun hipoxia ganberak, altueran egonaldiak eta abar erabiltzen ditugu), baina denei ere errendimendua murrizten digu oxigeno falta horrek.
Atzo argi eta garbi ikusi genuen azken igoera horretan: a zer-nolako txakalaldiak eta ikuskizuna! Andyren apustuak Alpeen dimentsio bera hartu du: handia bezain ausarta. Baina, azkenean, hori bai, eraman duen saria ere halakoa izan da.
Atzokoa ikusita, gaurko etapak ere ikuskizun polita eskainiko digun susmoa dut. Ez nintzateke batere harrituko sailkapena berriz ere hankaz gora jarriko balitz, atzoko esfortzuek eragina izan baitezakete gaurkoan.